Mercosur akordioaren kontrako ekintza dela dio 'A63ko ultrak' izeneko laborari taldeak. 80 laborari inguru hurbildu dira goizeko bietan. Europar Kontseiluak argi berdea eman dio gaur hitzarmenari.
A63ko ultrak izeneko taldekoak direla idatzia dute beren aldarrikapenetan eta Mercosur akordioaren kontrako ekintza dela erraten dute. Egun gakoa da blokatzea egiteko hautatu dutena: Frantzia, Polonia, Austria, Irlanda eta Hungariaren ezezkoarekin bada ere, gaur goizean argi berdea eman dio Europar Kontseiluak Mercosurreko sei herrialderen eta Europar Batasuneko 27en arteko truke askeko akordioari. Arratsaldean zehar formalizatu behar da orain 27en gobernuen baiezkoa, eta heldu den astean Ursula Von Der Leyenek Paraguayn eginen du ofizial hitzarmena.
Ipar Baiona eta Hego Baiona arteko autobideko irteera blokatua dute beraz 80 laborari inguruk, eta prefetak erran duenaz, ez ditu oraingoz bertatik haizatuko. Hiriburun da blokatzea, Hego-Ipar zentzuan A63 eta A64 autobideen arteko bidegurutzea baina metro batzuk lehenago.
Bordele eta Irun arteko zentzuan, Ipar Baionako irteeratik autoak desbideratzen ari dira poliziak. Beste zentzuan, Hego Baionako 5. irteeratik utzi beharko da autobidea, eta Baiona barnealdetik igaro. Kamioientzat debekatua da A63 autobidea hartzea Biriatutik.
Alternatibak, urri
Auto eta kamioientzat, bide alternatiboak eman ditu prefekturak Ametzondo parean, baina goiza aitzinatzen den heinean, eta aroak ere ez baitu laguntzen, Baiona inguruko bide oro blokatu daitezkeela pentsa daiteke. Hala, Pirinio Atlantikoetako prefekturak ahal dela etxetik lan egiteko eta BAB ingurua saihesteko eskatu du.
Prefeturak krisi gune bat abian eman du gau honetan, egoeraren larritasuna aztertzeko, eta igorri duen oharrak dioenez, "proportzioz kanpoko" ekintzak egitea "onartezina" da, tokiko ekonomiaren eta bidaiarien kalteko.
Mobilizazio gehiago heldu den astean
Azken hilabetean laborariak Ipar Euskal Herrian badira mobilizatu Dermatosi Nodular Kutsakorraren inguruan edo Mercosurrekin akordioa dela-eta, heldu den astean Hego Euskal Herriko laborariak mobilizatzekoak dira. Hiru sindikatu nagusiek, EHNEk, ENBAk eta UAGNk Irun eta Hendaia arteko mugan biltzeko deia egin dute urtarrilaren 15ean, ortzegunez.
Izan ere, Ipar Euskal Herrian ez bezala, EAEn eta Nafarroan DNKri aurre egiteko behien txertaketa ez da orokorra, muga inguruko eskualdeetan baizik ez baita txertatzen. Txertoak lurralde osoko behiei ematea galdegiten dute hala sindikatuek, eta buru bat erituz gero tropa osoak ez hiltzea.
Bertzalde, EBren eta Mercosurren arteko hitzarmenak Hego Euskal Herrian eta Espainian ez du mugaren alde honetan bertzeko mobilizaziorik eragin, eta Europar Kontseiluko espainiar ordezkaritzak akordioaren alde bozkatu du. Haatik, Hegoaldeko hiru sindikatuek hitzarmenaren aurka egin dute, eta desadostasuna karrikan adieraziko dute heldu den ortzegunean.