600 hautetsiren babesa, 5.000 izenpetze eta Herri Urratsen jendetza baxoa euskaraz izatearen alde

Urtero aldarrikatzailea bada Herri Urrats, aurtengoa bi kexuk kolpatu dute: batetik, heldu den sartzerako Seaskak postu berririk eskuratuko ez duenaren albisteak, eta bertzetik, leheneko matematikako baxo berria frantsesez erantzun beharrak.

600 hautetsiren babesa, 5.000 izenpetze eta Herri Urratsen jendetza baxoa euskaraz izatearen alde
Arrakastatsua izan da 2026ko Herri Urrats, milaka euskaltzale bilduz Senpereko aintzira inguruan. EUSKAL HERRIKO IKASTOLEN ELKARTEA
Aimar Lopez Erasun
2026/05/11 09:10

Azterketak Euskaraz kolektiboak urtebetean etsaminak euskaraz egiteko eskubidea aitzinatu ez dela salatu zuen atzo Herri Urratsen. Hitzartze instituzionalean parte hartu zuten Seaskako irakasle eta gurasoak biltzen dituen taldeko bi kidek, eta matematikako baxoaren egoera "ulertzeina eta zentzugabea" dela diote. Hori hala, "sostengua" eta "goresmenak" helarazi dizkiete Bernat Etxepare lizeoko Leheneko ikasleei, debekuak debeku azterketa euskaraz erantzunen dutela jakinarazi berritan.

Maialen Péry Azterketak Euskaraz kolektiboko kidea Euskal Irratien emankizun berezian mintzatu zen Herri Urratsen, eta azken asteetan abiatu dituzten ekimenen berri eman zuen. Batetik, azken asteetan "milaka euskaltzalek" 15.000 mezu igorri dituzte Bordeleko errektoretzara eta Hezkuntza Ministeriora, matematikako baxo berria euskaraz erantzuteko aukera galdegiten. Horren haritik, joan den asteartean Etxepare lizeoko ikasleek sarean petizio bat ere abiatu zuten, eta egun gutxian 5.000 izenpedura baina gehiago bildu dituzte.

Maialen Péry Azterketak Euskaraz kolektiboko kidea, atzo, Herri Urratsen Euskal Irratiek egindako emankizun berezian. EUSKAL IRRATIAK

Bide instituzionala ere lantzen ari dira, eta urte hastapenetik Hezkuntza Ministerioarekin negoziaketan aritu diren Ipar Euskal Herriko parlamentarien babesa berresteaz gain, laurogei auzapezek ere gutun bat izenpetu dute azken egunetan, Pariseko agintariei aldaketa galdeginez. Mozio moduan aurkeztu eta onartu da 37 herriko etxetan eskaera hori, eta orotara 600 hautetsi baina gehiagok izenpetu dute, aipatu auzapez eta diputatuez gain.

Bordelen mobilizatzeko deia

Ohikoa bilakatu da azken urteetan Herri Urratsen ikasturte bukaerarako mobilizazio bat iragartzea, eta aurten ere hala izan da: ekainaren 6an manifestaldia deitu du Seaskak. Bordeleko errektoretzaren aitzinean deitzeko deia egin dute, eta Azterketak Euskaraz kolektiboak sostengatu: "Lurralde osotik helarazi diren aldarrikapen errepikatu eta anitzen parean, ez dugu gehiago isiltasun mespretxagarririk onartuko. Ondoko lau asteetan, aitzinamenduak lortu behar ditugu, bai ala bai".

Interesgarri izanen zaizu