Hendaia (Lapurdi)

6.000 lagun kontrolatu ditu martxotik mugan Frantziako poliziak Force Frontières operazioan

Martxoaren 27an «presio migratorioa kontrolatzeko eta trafikatzaile-sareak deuseztatzeko» indarrean ezarritako dispositiboak Bidasoaldeko muga, eta departamenduko bide, tren-geltoki zein nazioarteko autobus zerbitzuetan kontrolak zorroztu ditu.

6.000 lagun kontrolatu ditu martxotik mugan Frantziako poliziak Force Frontières operazioan
Jean-Marie Girier prefeta eta Anne-Sophie Marcon kabinete burua, Hendaiako geltokian, martxoan. PIRINIO ATLANTIKOETAKO PREFEKTURA
Antxeta Irratia
2025/10/10 08:49

Joan den martxo bukaeran bi egunez Force Frontières dispositibo berriarekin 350 agente mobilizatu ondotik, «presio migratorioa kontrolatzeko» neurrien hari beretik, «legez kanpoko migratzaile sare» deitzen dituztenei buruzko informazio, ibilbide eta metodologiak ikertzeko eta inteligentzia partekatzeko egitura martxan jarri zuen Frantziako Barne Ministerioak. 

Orain operazio horren zenbait emaitzen berri eman du Pirinio Atlantikoetako Prefeturako kabineteak. Martxoaren 27an mugako zaintza eta migrazio-fluxuen kontrolerako ezarritako operazio honetan 6.000 pertsona kontrolatu dituzte orain artean, eta horietatik egoera irregularrean zeuden 28 atzerritar atxilotu dituzte. Hauetatik 11 lagun Espainiako agintarien esku utzi zituztela dio prefeturak, eta beste 11ri Frantziako lurraldea uzteko OQTF agindua ezarri zaien bitartean, 4 lagun oraindik ere administrazio prozesuan aurkitzen dira.

Bestalde, aditzera eman dutenez, 2025 urte honetan eskualdean kontrolatutako pertsonen artean, 3.000 baino gehiago atxilotu dituzte egoera irregularrean aurkitzen zirelako, gehienak Mali, Bangladesh eta Aljeriako jatorria zuten. Era berean, egindako kontroletan migranteak pasatzen dituzten 19 lagun atxilotu ditu poliziak. Zentzu horretan Pirinio Atlantikoetan pasatzaile-sareak deuseztatzeko helburuarekin lanean aritu den indar polizial ezberdinen artean koordinatuko operazioa izan dela argitu dute. Polizia, Jendarmeria, Aduana zein Sentile zerbitzuko agenteak ere inplikatu dira hilabeteotan. Gogoan hartu behar da, urtarrilaren 1etik ekainaren 29ra plazaratu zituzten datuen arabera, migratzaileen beste 17 trafikatzaile (pasante) atxilotu baitzituen polizia frantsesak epe horretan Bidasoaldeko mugetan.

Alde horretatik, Frantzia-Espainia mugaren kontrola egitea izan dute helburu, eta bereziki Hendaiako pasabideetan presentzia izan dute, kontrol mota ezberdinak eginez; Pirinio Atlantikoetako departamentuan bide ardatz nagusietan, tren eta autobus geltokietan, zein autobidean ere, ordainleku eta atseden-guneetan. Hala ere, nazioarteko autobus zerbitzuen kontrol zorrotza eraman dutela azpimarratu du prefetak. Operazioak aktibo jarraitzen du oraindik, izan ere, urriaren 31ra arte mugetako kontrolen luzapena iragarri zuen Retailleau Barne ministroak apirilaren 11n Biriatuko autobideko ordainlekura egindako bisitan. 

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu