Edanak ziren bi gizonek erasotu zuten amikuztar ikasle bat autobusean ostegun arratsean. Zartakoak ere eman zizkion batek. Petizioa bada eskolako garraioak eta Txik Txakeko linea erregularrak bereizta galdetzeko. Bi gizonak bilatzen ditu poliziak.
Bi pertsona 9 urteko haur bati oldartu zitzaizkion iragan ostegunean. Amikuzeko Donapaleutik Etxarrira zoan autobus batean gertatu zen eskola egunetik landa. Autobusa haurrez betea zen. Bi gizonak edanak ziren, garagardoa muturrera bota zion bietarik batek haurrari eta zartakoak eman ere. Droga ere proposatu zioten. Harrituak horri so egon diren haurretarik batek autobus gidaria abisatu zuen eta azken honek bi pertsonak autobusetik jautsarazi zituen Etxarrin. Familiak plenta pausatu zuen ostegun arratsean Donapaleuko jendarmerian eta bi gizonen bila dabiltza poliziak. Biktimaren amak erran digunaz, semea inarrosia da oraindik. Ostiralean ez zen ikastolara joan ahal izan. Eta astelehenean berezitu baten ganat eramanen dute jarraipen psikologiko baten emateko. Jakin iazko abendura arte ikasleak baizik ez zituela hartzen autobusak Amikuzen eta urtarrilaz geroz ikasleak eta bidaiari arruntak nahasiak direla. Amikuzen Txik Txak sarearen ardura duen Hiruak Bat autobus konpainiako buruak haurraren familia deitu du errateko omiasainduko oporretarik landa berezko autobusa ukanen dutela haurrek berriro. Petizio bat abiatu da change.org plataforman galdetzeko eskola garraioek ez dezaten bat egin TxikTxakeko linea erregularrekin.