Baionako portuko "jarduera ekonomikoa" egun osoan zehar blokatu nahi du ELBk

Hiru egunen ondotik eta prefetak atzo hala agindurik, Hiriburun A63 autobideko blokatzea altxa dute goizaldean 'A63ko ultrak' izendatuek. ELBk eta Confédération Paysannek Baionako portuko Maïsica siloa blokatu dute.

Baionako portuko "jarduera ekonomikoa" egun osoan zehar blokatu nahi du ELBk
Artoa eta zerealak esportatzeko, itsasontzietara kargatzeko siloak eta tresneria ditu Maïsica enpresak Bokalen. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2026/01/12 07:52

Prefetak soka tenkatu zuen barda laborarien mobilizazioen aurka, A63 autobideko blokatzea berehala altxatzeko aginduz eta Baionan deklaratu gabeko manifestaldi oro debekatuz. Lehen agindua onartu dute ostiral goizaldetik autobidea blokatzen zuten 'A63ko ultrak' elkarteko laborariek, eta gaur goizeko ordu txikietan bidea libratu dute. Goizeko lehen orenetan hainbat traba izan dira trafikoan bidea desblokeaturik ere, eta Biriatun hainbat kilometroko ilarak dira 08:00tan oraindik ere.

ELBk, Biarnoko Confédération Paysannek eta Landesetako MODEFek gaur goizean Baionako portua blokatzeko deia egin zuten ostiralean, onartu berri den EB-Mercosur hitzarmena eta behien DNKren kudeaketa salatzeko. Alta, prefetak atzo arratsaldean mobilizazioa debekatu bazuen ere, lekuz aldaturik mobilizatu dira gaur laborantza herrikoiko sindikatuak. Maïsicaren siloetarako sarbidea blokatu dute, Bokalen, Baionako portuan laborantza produktuen esportaziorako azpiegitura nagusia. ELBko Peio Iriquinek Euskal Irratietako berrisailetan erran duenez, kamioiak Maïsicara sartzea bertzerik ez dute blokatzen, autoen zirkulazioa trabatu gabe.

ELBko Julen Perezek adierazi digunez, EB-Mercosur akordioa eteteko denbora badela uste dute, oraindik ere Europar Parlamentuan bozkatu behar baita. Izan ere, ostiralean Europar Kontseiluak gehiengoz hitzarmena onartu bazuen ere, Zipreren esku den Kontseiluko lehendakaritzak parlamentua saihesteko trikimailu bat erabili duelako da. Hortaz, eta aste honetan Ursula Von der Leyenek Paraguayn Mercosurreko arduradunekin akordioa izenpetuko badu ere, europar legegileek badute blokeatzeko aukerarik. Hala, gaurko ekintzaren bidez, parlamentariei ezezkoaren alde egiteko mezua helarazi nahi diete ELBk, Biarnoko Laborantzaren Konfederazioak eta MODEFek.

Prefetak "manifestazio eskubidea zirkulatzeko eskubideari" gailendu ezin zaiola azaldu du, eta hartaz, polizia "osoki mobilizatua" izanen dela iragarri, "tokiko ekonomiaren ibilmoldea" ez dadin trabatu. Hainbat lekukok Jendarmeria Mugikorraren furgoneta andana ikusi dituzte 07:30ak aldera, Baionako portuan.

Interesgarri izanen zaizu