Baiona (Lapurdi)

Abokatuak greban dira Baionan erreforma judizialaren kontra

Baionako eta Frantzia osoko abokatuak greban dira, Gérald Darmanin-ek proposatutako erreforma judizialaren kontra, “justizia hila” eguna deituz eta epaiketak gibelatuz.

Abokatuak greban dira Baionan erreforma judizialaren kontra
Baionako Justizia Auzitegiaren aitzinean bilduak, abokatuak greban dira aste huntan, erreforma judizialaren kontra mobilizatzeko. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/04/14 07:00

Abokatuak greban dira Baionan aste huntan, Gérald Darmanin justizia ministroak plantan ezarri nahi duen erreforma judiziala salatzeko. Mobilizazioa ez da tokikoa bakarrik: Frantzia osoko hainbat abokatu eta magistratu ere karrikara atera dira, “justizia hila” eguna deituz eta epaiketa anitz gibelatuz.

Erreformaren neurri nagusietako bat da “erruduntasuna aitortzeko” prozedura krimen kasuetara hedatzea. Horrek errua aitortzearen truke zigor arinagoa ahalbidetuko luke, epaiketa klasikoa saihestuz, neurri batean Estatu Batuetako sisteman egiten den bezala. Abokatuen arabera, ordea, horrek “justizia azkar baina expeditiboa” ekar dezake, lekukoen entzunaldiak eta frogen azterketa murriztuz. Alain Larrea, Baionako Abokatuen Elkargoko burulehenak oroitarazi du mekanismo hori jadanik existitzen dela zigor arinentzat, duela 20 urtez geroztik. Baina oraingo erreformak delitu larriagoetara hedatzea aurreikusten du, eta horrek kezka handiak pizten ditu profesionaleen artean.

Justizia ministroak, bere aldetik, dio erreformak prozedurak arinduko lituzkeela eta auzien tratamendua azkartuko lukeela. Hala ere, abokatu askoren ustez, arazo nagusia ez da prozeduren konplexutasuna, baizik eta epaitegien saturazioa eta baliabide falta. Mobilizazioa aste osoan luzatuko da, eta heldu den asteko batzordean erabakiko dute greba luzatuko duten ala ez.

Interesgarri izanen zaizu