Baionako Bergeret kaian inauguratu dute Zubi Mayou egoitza parte-hartzailea, adinekoei elkartasunean eta autonomiaz bizitzeko aukera eskaintzen dien bizitegi berria. Etxebizitzak prezio apalagoan saldu dituzte Bail Réel Solidaire sistemaren bidez.
Ostiral honetan inauguratu dute Baionako Bergeret kaian Zubi Mayou egoitza parte-hartzailea. Adinekoei zuzendutako bizitegi berezi horrek 15 etxebizitza eta hainbat gune partekatu ditu: elkartzeko bi gela, arropak garbitzeko gela bat eta eguneroko harremanak sustatzeko beste hainbat espazio. Gaur egun, 17 bizilagun dira bertan, 63 eta 84 urte artekoak.
Proiektua 2017an abiatu zuten bi erretiratuk, zahar-etxe baten alternatiba gisa. Helburua argia zen: autonomia galdu gabe, elkartasunean eta elkarri lagunduz bizitzeko modu berri bat eskaintzea. Horretarako, etorkizuneko bizilagunek beraiek parte hartu dute eraikinaren diseinuan eta garapenean.
Etxebizitzak Bail Réel Solidaire sistemaren bidez saldu dituzte. Formula horrek etxebizitzak merkatu-prezioa baino merkeago eskuratzea ahalbidetzen du, lurra erosi gabe eta espekulazioaren aurkako baldintzekin. Apartamentuak 170.000 euro inguruko prezioan saldu dituzte.
Beroari aurre egiteko prest
Eraikinaren arkitektura ere bizi-kalitatea eta klima-aldaketaren erronkak kontuan hartuta diseinatu dute. Rémi Chappaz proiektuaren arduradunak azaldu duenez, apartamentu guztiak alde batetik bestera irekiak dira, gauez modu naturalean aireztatu ahal izateko. Beroari aurre egiteko beste neurri batzuk ere hartu dituzte. Hegoaldeko fatxadan balkoi handiak eraiki dituzte eguzkiaren izpi zuzenak etxe barrura ez sartzeko, eta laster kanpoko estoreak jarriko dituzte bizilagunekin adostuta. Horrez gain, eraikina oso ongi isolatua dago, eta hormigoi armatuz egina denez, inertzia termiko handia du. Chappazen hitzetan, helburua udan eraikina gehiegi ez berotzea da.
Libe Goñi Garateren apartamendua. EUSKAL IRRATIAK
Erosleen artean da Libe Goñi Garate, Ipar Euskal Herriko lehen andereño ohia. Aturri bazterreko kokapena eta bizi-kalitatea nabarmendu ditu. Zahar Etxearen eta bakarrik izatearen arteko oreka egokia dela azaldu digu. Zubi Mayou bezalako bizitegi parte-hartzaileak gero eta gehiago garatzen ari dira: Hazparnen eta Hiriburun ere proiektuak garatzen ari dira.
Gela partekatua duten 5. solairutik, Baiona guztia ikus daiteke. EUSKAL IRRATIAK