AHTaren aurka, trenbideen berrikuntzaren alde

Jean-René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, trenbide berria eraikitzearen aurkako jarrera berretsi du astelehen honetan, eta jadanik existitzen diren trenbideen berritzea defendatu du.

AHTaren aurka, trenbideen berrikuntzaren alde
Jean René Etxegaraik dio tren zaharrak egokitzea 15 edo 20 aldiz merkeagoa litzatekeela. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/08/05 10:25

Jean-René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, AHTaren aurkako jarrera berretsi du astelehenean. Trenbide berriak eraikitzea baztertzen du, eta jadanik existitzen diren azpiegituren berritzea defendatu du, ekonomikoki eta lurraldeari begira aukera zentzudunagoa dela azpimarratuz.

Aste berean, Akitania Berriko eta Okzitaniako eskualdeek Frantziako Estatuari eskatu diote bete ditzala Bordele-Tolosa-Akize AHT proiekturako hartuak zituen konpromiso finantzarioak. Proiektuaren kostua 14,3 bilioi eurokoa da, eta %40 Estatuak bere gain hartu behar luke, baina haren ekarpena zalantzan dago.

Bitartean, Bordeleko udala eta Euskal Hirigune Elkargoa trenbide berriaren aurka agertu dira gutun bidez, sarearen berritzea alternatiba gisa defendatuz. Etxegaraik dio tren zaharrak egokitzea 15 edo 20 aldiz merkeagoa litzatekeela. Gogorarazi du, gainera, jada 15 urte direla lurraldeko gehiengo politikoak proiektuaren kontra agertu zela.

AHTaren aldeko batzuek salatu dute Euskal Hirigune Elkargoa "Euskal Y" izenez ezagutzen den Hego Euskal Herriko AHTaren loturaren aurka dela. Horren aurrean, Etxegaraik argi utzi du ez dela “Euskal Y”-aren aurka, baina defendatzen du lotura hori egin daitekeela egungo trenbideak egokituz eta ez trenbide berri garestiak eraikiz.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu