Etxaldearen 500 metro karratu hartu zituen suteak, eta suhiltzaileen lanak ezin izan zuen etxea salbatu. Herritarrek elkartasun deialdi bat abiatu dute familia laguntzeko, bihar bilduko dituzte emaitzak Herriko Etxean.
Sute bortitz bat izan zen atzo Aiherran, arratsaldeko 17:30ak aldera, eta Gandaramendia etxaldea osoki erre zuen. 4 sute tutu behar izan dituzte suhiltzaileek eta 25 suhiltzaile izan ziren bertan, baina ezin izan dute bi estaiako etxea salbatu, teilatua eta atelierra ere kiskali dira. 60 bat metro karratu salbatu dituzte azpiko estaian, besterik ez. Arño Gaztanbide auzapezak Euskal Irratietan azaldu duenez, sutearen jatorria ezezaguna da oraindik, eta itzalia bada ere, suhiltzaileak errondak egiten ari dira gaur ere, pundu beroak zaintzeko.
Elkartasunerako deialdia egin dute
Gandaramendiako etxaldeko biztanleak ondoko aterpetxean dira momentuz, eta elkartasun mezu bat hedatzen hasi dira herritarrak, jantziak biltzeko, garbitzeko tresnak, oihalak eta beste. Gizonentzako L eta XL jantzi beroak eta laneko jantziak baita 44 eta 45 tamainako zapatak, eta emazteentzako L jantziak, 14-16 urteko neskentzeko jantziak, eta 37,5 eta 38 tamainako zapatak behar dituzte. Bilketa bihar arratsaldean eginen da 14:00etatik goiti, Aiherrako herriko etxean.