Ainhize-Monjolose Ipar Euskal herriko azken herria da herriko plazarik ez duena. Herriko kontseiluak herritarrekin gogoeta bat abitzen du. Horretarako Tequio kooperatibari dei egin dio. Azaroaren 13an biltzar publikoa antolatu dute.
Ainhize-Monjolosek herriko bizigune bat litzatekeen plaza bat nahi luke. Herritarrekin hasiko ditu pentsaketak elgarrekin asmatzeko nolako izan daitekeen. Lan horretan laguntzeko, Tequio kooperatibari dei egin dio herriko etxeak. Herritar guziak gomitatu ditu, lehen bilkura publiko batentzat, heldu den azaroaren 13an.
Cecile Miramon Ainhize-Monjoloseko auzapeza
Tequio anitz herritan ibilia da jada gogoeten antolatzen, hala nola Mendikotan. Ainhize-Monojoloseren gisan plazarik gabe zen Mendikota eta geroztik badu. 16.000 euroko aitzinkondua bozkatua du Ainhize-Monjoloseko kontseiluak heldu den ekaineko Tequiorekin proiektu konkretu eta diruztagarri bat plantan emateko. Euskal Hirigune Elkargoak ikerketa horren laurdena bere gain hartu du. Bizigune berria Herriko Etxearen egoitza eta elizaren artean den gune ordokian egin gogo lukete, lur baten eskuratzeko mentura idekirik.
Buruz-buruko elkarrizketak
Tequiok badu usaia herritarrak elgarrekin pentsaketa jartzeko herritar ororendako baliagarri litzatekeen biziguneen pentsatzeko. Metodo bat badu horretarako : herritar jakin batzuekin buruz-buruko elkarrizketen egitea. Ainhize-Monjolosen 20-25 bat herritar hautatuak izan dira buruz-buruko elkarrizketa horien egiteko. Adin, ofizio eta genero orotakoak. Aspaldian elgarri loturik bizi direlakoz, Lakarra eta Gamarte auzo herrietako bizilagun batzuk ere sartuko dira jokoan.
Ikerketa lanaren eramailea herritik kanpokoa izatea lagungarri da halakoetan. Auzapezak esplikatu du beti sinpleago dela galdeketa egilea herritik kanpokoa delarik herritarrak aiseago sar daitezen ariketan. Ohar guziak biuldurik, denen beharren araberako bilduma eginen du Tequiok urtarril-otsaileko. Herritarrekin ibilaldiak ere eginen dituzte guneen aztertzeko. Herritarren lanetarik aterata, otsailetik goiti Tequiok aukera teknikoak eta diru mailakoak landuko ditu, ekainean proiektu konkretu bat proposatzeko.
Herriak ez du lurrik berea halako xede baten eramateko. Ainhizeko aldean da egungo herriko etxea, eskola ohia, herriko bi bizitegi eta eliza. Lur bat badute begistatua eremu horretan egoki gerta daitekeena eta Herriarteko Hirigintza Planean sartzeko gisakoa.