Aldak alokairuen mugatzeko neurriaren iraunkortzeko deia egin du Baionan

Alokairua karioegi ordaintzen duten lau pertsonen lekukotasuna bildu du, ekintza baten bidez, Alda mugimenduak. Lege baten beharra aldarrikatu dute prezioen mugatzeko, eta, preseski, asteazkenean legebiltzarreko batzorde batek aztertuko du gaia.

Aldak alokairuen mugatzeko neurriaren iraunkortzeko deia egin du  Baionan
Aldak Baionan egin duen ekintza lau pertsonen lekukotasunak bilduz.
Jose Luis Aizpuru
2025/12/02 15:43

Bizitegi duin baten alde borrokatzen duen Alda mugimenduak ekintza bat burutu du Baionan, astearte goiz honetan. Alokairuaren prezioa karioegi zaiela salatu duten lau pertsonen lekukotasuna erakutsi nahi izan dute Aldako militanteek, burutu duten ekintzaren bidez.

Alokairuen mugatzeko legea ez bada onartzen, ezingo dutela alokairua ordaintzen segitu erran dute prentsaren aitzinean. Oroit, asteazken honetan berean, Asanblada Nazioanaleko batzorde batean gaia aztertuko dela, eta abenduaren hamaikan legea bozkatu denez deliberatuko dela.


 

Orain arte Ipar Euskal Herrian eta Frantziar estatu osoan alokairuen mugatzeko neurria esperimentala da. Bi urteko iraupena finkatua izan zen  esperimentazioarentzat eta 2026ko azaroan bukatuko da neurri hau.

Azpimarratzekoa da,  neurri horren bidez hainbat alokatzailek beren alokairuaren murriztea lortu dutela, bataz beste urtean 2.300 euro aurreztuz.

Alokatzaileek desmartxak egin ditzakete soilik haien kontratua egiten edo berritzen den momentuan, ondorioz, epetik kanpoko kontratuek ezin dute martxatu.

 

Aldaren ekintza

Esperimentazio neurria bukatzen bada, nolako ondorioak ukan ditzakeen aurkeztu du Aldak. Horretarako lau pertsonen lekukotasunak bildu ditu, hots, heien alokairua garestiegi pagatzen dutenen arrengurak.

Izan ere, Romane, Rosa, Hannae eta Marinak heien kontratua 2027tik goiti berrituko dute, eta neurriak ez badu irauten, ezingo dute beren alokairua murriztu.

Romanek adibidez, 50m²-ko apartamentu bat alokatzen du Baionan, egoera txarrean dena. Urtero 900 euro sobera pagatzen du. Rosak 56m²-ko apartamendu bat alokatzen du Donibane Lohizunen, %100ko hezetasuna duena. Urtero gehiegizko 780 euro pagatzen ditu.

 

Legebiltzarrean eztabaidatua izanen da lege baten sortzea

 

Esperimentazio neurriari jarraipena emateko Iñaki Echaniz diputatuak, Peio Dufauren sustenguarekin, lege proposamen bat aurkeztuko du asteazken honetan arazo ekonomikoen batzordean, abenduaren hamaikaren ondotik legebiltzarrean aztertuko dena. Horrezaz gain,  fondation pour le logement des défavorisés egiturak petizio bat abiatu du, hainbat elkarteren sustenguarekin gobernuari presio egiteko asmoz, legea onartua izan dadin.

 

Interesgarri izanen zaizu