ALDAk salatu du etxe agentzia bat duen jabe baten legez kanpoko jarrera

Leporatzen diote jabeari alokairuen mugatze legea ez duela errespetatzen eta lehengo alokatzaileak legez kanpo kanporatu izana. ALDAk prefetari esku hartzea galdegiten dio legez kanpoko jabeen aurka, Parisen eta Lyonen egiten den bezala.

ALDAk salatu du etxe agentzia bat duen jabe baten legez kanpoko jarrera
Etxe agentzia baten itxura eman diote Baionako eraikin bati salatzeko etxe agentea den jabearen legez kanpoko jokamoldea. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/07/03 11:45

Ostegun goiz honetan, Baionan, ALDAk salatu du etxe agentzia bat duen jabe baten legez kanpoko jarrera. Horren salatzeko eraikinaren aitzina etxe agentzia baten bitrina gisa eraldatu dute azpimarratuz Baionan bi apartamendu alokatzen dituela alokairuak mugatzen dituen legea errespetatu gabe. ALDAren arabera, orotara, hilabetero kasik 1500 euro gehiegi eskuratzen zituen jabeak.

Bestalde, salatzen dute ilegalki kanporatu dituela lehengo alokatzaileak erranez bere aitarendako eta beretako berreskuratu nahi zituela pisuak. Baina, azkenean, alokatzaile berriak atxeman ditu, legez kanpo kanporatu zituen orduan lehengo alokatzaileak.

Bi apartamenduen jabeak erantzun du Aldaren salaketari adieraziz metodo desegokia dela, alokairuaren prezio garestiaz erran du prezio egokia eman zuela eta legezkanpoko kanporaketaz erran du horrela pasatu zela arazo pertsonalengatik. Gehitu du ALDA ez dela jin beregana galdegiteko legeari konformatzea. ALDAk bere aldetik erran digu gutun bat igorri ziotela, froga dutela eta jabeak ez diela erantzun.

Prefeturari eta hautetsiei deia egiten diete

Gaur arte, Pirinio Atlantikoetako prefetak ez du eskua sartzen legez kanpo ari diren jabeen aurka alokatzaileek prozedura administratiboa bururaino eraman arte. ALDAk galdegiten dio prefetari eskua sartzea Parise edo Lyon hirietan egiten ahal den bezala.

Horrez gain, ALDAk eskatzen du Frantziako gobernuari eta hautetsiei luzarako izatea alokairuen mugatze legea.

Interesgarri izanen zaizu