Azaroaren 6tik 8ra iraganen da Miarritzen. “Ama ura zaindu” lelopean, uraren erabilera eta kudeaketa kolektiboa izanen dira eztabaiden erdigunean.
Lurramaren 21. edizioa aurkeztu zuten atzo. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolatzen duen hitzordua azaroaren 6tik 8ra iraganen da, Miarritzeko Irati erakustazokan. Aurten ere, tokiko laborantza herrikoi eta solidarioa ezagutaraztea eta sustatzea izanen du helburu.
“Ama ura zaindu” izanen da aurtengo leloa. Uraren erabilera, partekatzea eta kudeaketa kolektiboa izanen dira hiru egunetako eztabaiden erdigunean. Amaia Hiribarren Itsasuko laborariak azaldu duen bezala, duela urtebete hautatu zuten gaia, baina aktualitate betean dago, bereziki azken bi hilabeteetako idorteen ondotik eta klima-aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak diren honetan.
"Ama Ura" Erdigunean
Gilles Boeuf ozeanografo eta biologoa izanen da aurtengo gazaita. Biodibertsitatean eta bizidunek beren ingurumenarekin dituzten harremanetan aditua da. Azaroaren 7an, goizeko 11etan, “Ura eta elikadura, bizia da” mintzaldia eskainiko du Irati gelan.
Horrez gain, urari buruzko hainbat hitzaldi eta mahai-inguru antolatuak izanen dira: “Ura: zer gatazka?”, “Ura eta osagarria: eritu aitzin lantzeko”, “Laborarien praktikak” edota “Elikagaietako uraz”.
Bestalde, Ardèche izanen da aurtengo eskualde gomita. Hango laborari eta ekoizleek beren lurraldeko laborantza, jakintza eta etxeko ekoizpenak ezagutaraziko dituzte. Hitzaldietan parte hartzeaz gain, Lurramako etxeko ekoizpenen merkatuan ere aurkeztuko dituzte beren produktuak usaian bezala.