Itsasu (Lapurdi)

Analogikoa, digitala, sarea eta hurbiltasuna: Euskal Irratiek estrategia digitala aurkeztu dugu

46 urte, 26 langile, bost irrati, erredakzio bat eta webgune berri bat: horrek osatzen du, bertzeak bertze, Euskal Irratiak sarea. Irratigintza analogikotik digitalerako pasabidean den honetan, heldu diren urteetarako erronkak landu genituen Itsasun.

Analogikoa, digitala, sarea eta hurbiltasuna: Euskal Irratiek estrategia digitala aurkeztu dugu
Itsasuko Sanoki gelan aurkeztu genuen Euskal Irratiek atzo gure estrategia digitala, dozenaka laguntzaile eta instituzio eta eragileren aitzinean. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2025/09/26 09:12

1980. hamarkada hastapenean sortu ziren egun Euskal Irratiak sarea osatzen duten bost irratietatik hiru, Irulegiko Irratia, Gure Irratia eta Xiberoko Botza. Mende berriaren hastapenarekin, 2001ean sortu zen Antxeta Irratia, eta 2018an, Amikuzeko Irratia. Tarte horretan, baina, bertze mugarri garrantzitsu bat ere gehitu behar da: 1997an Euskal Irratiak federazioa sortu zen, irrati horiek bildu eta elkarlana errazteko. Egun, elkarte egitura dute Euskal Irratiek, eta DAB+ irrati uhin digitaletan baita sarean ere, hedapen propioa.

Erronkaz beteriko urteak izan badira, ez dira gutiago egun ditugunak. Horietako bat da DAB+ bidezko hedapena; epe ertainean FM uhinak ordezkatuko dituen teknologia horrek irrati hedapena kalitate hobean eta moztura gutiagorekin egitea ahalbidetzen du, bertzeak bertze. Lapurdiko kostaldean teknologia zabaldua da azken bi urteetan, eta hiru frekuentzia ditugu bertan: Euskal Irratiak, Gure Irratia eta Antxeta Irratia. Haatik, Lapurdi barnekaldean, Baxenabarren eta Xiberoan ez da DAB+ hedagailurik, eta horrekiko arrangura dugu tokiko eta hurbiltasuneko irratiek.

Hilabete hastapenean bertze jauzi handi bat ere eman genuen Euskal Irratiek: webgune hau aurkeztu genuen, Euskal Herriko, Ipar Euskal Herriko, eskualde eta herrietako baina baita nazioarteko informazioa euskaraz eta hurbiltasunez emateko. Tresna bateratua da, modernoa, egungo beharretara egokitua. Hainbat partaiderekin egindako urteetako lanaren ondorio den webgunea aurkezteko parada ere izan zen atzo Itsasun egin genuen ekitaldia.


Tokiko euskal hedabideak geroari so

Sare sozialek eta inteligentzia artifizialak erronka, mehatxu eta eszenatoki berriak sortu dituzte hedabide eta kazetarientzat. Horiez hausnartzeko parada ere izan zen atzokoa, gure hainbat partaiderekin egindako mahai inguruan. Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako erredaktore buruak moderaturik, Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari eta SNRL Frantziako irrati libreen sindikatuko buru ohi Ttitto Betbeder, Euskal Hedabideak elkarteko koordinatzaile Maia Larronde de Ajuriaguerra, ARCOM Frantziako ikus-entzunezko erregulatzaileko irratien zuzendari Fran莽ois Xavier Meslon, EHUko irakasle eta Ikusiker zentroko kide Ane Zugaza eta Euskal Irratiak elkarteko lehendakari Ximun Carrere izan ziren bertan. Mahainguru osoa orri buruan duzue entzungai.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu