Baionako Bestetarako astebete eskas dela, kezkaturik mintzatu da gaur 2023an giroa lasaitzeko helburuz sortu zen kolektiboa. Herriko Etxearekin elkarlana hautsi edo okertu dela deitoratu dute.
"Azken bi urteetan, haizeak ez du gure alde egiten": hitz larriekin jakinarazi du gaur prentsaren aitzinean 2032 kolektiboak Lapurdiko hiriburuko bestetan ikusi nahi lituzketen aitzinapenak geldirik direla. 2023ko besten edizio garratzaren ondotik dozenaka elkarte, ostalari, peña eta herritar bildu ziren kolektiboan, eta hirugarren bestak dituzte heldu den asteazkenean hasiko direnak. Joan den urtean "Vigilance Fêtes" aplikazioa aurkeztu bazuten, ostalari, peña, bestazale eta erakundeen arteko elkarlanean larrialdiei erantzun hobea emateko pentsatua, aurten, ez dute aitzinapenik ikusi. Aplikazio hori sortzea ahalbidetu zuen elkarlana "garatzeko tenorea" dela aldarrikatzen du kolektiboak, bertze esparru batzuetan ere.
"Ez da aski"
Azken urteetan, aipatu aplikazioaren sorrera bideratzeko baina baita orohar besten masifikazioari eta haren ondorioei alternatibak pentsatzeko, hainbat hausnarketa eta elkarrizketa espazio sortu ditu Baionako Herriko Etxeak. Haatik, kolektiboarentzat ez da aski, eta azken urtean "metodologia partekatuaren" falta, bilkuren eta ekintzen gauzatzearen arteko "borondatea" eskas dela, eta orohar, elkarrizketaren "eraginkortasun eza" salatu dute. Hala, "erabakitzea, esperimentatzea, ebaluatzea eta hobetzea ahalbidetzen duen metodologia bat" eskatu dute.
Zuzeneko musikaren aldeko apustua
Duela bi urte, lehen aldiz, Baionako bestetako ortzegunean zuzeneko musika baizik ez zen izan 19:00ak arte, eta geroztik ekimena finkatu da. Horren bultzatzaileetan izan zen 2032 kolektiboa, eta ildo horretan sakontzea eskatu dute: "Eskatzen ditugu Banda eta txaranga gehiago, kantu gehiago, kale animazio gehiago, kultura herrikoi gehiago eta arnasgune gehiago".
Gauzak hala, besten "arima" aldatzeko xederik ez dutela argitu du kolektiboak, besta lasaitzekoa baizik. Eta lau ardatz finkatu dituzte horretarako: "kultura gehiago, errespetu gehiago, elkarzaintza gehiago eta lasaitasun gehiago".