81 urterekin zendu da. Senpereko Larraldea etxea erosi eta elkartegintzaren esku eman zuen mende honen hastapenean. Euskal preso ohien sostengatzeko Harrera elkartearen bultzatzaile ere izan zen, 2012an.
Oiartzunen sortu zen Andoni Iturrioz 1945ean, ama zuenaren baserrian, naturaz inguraturik baina gerla hotsak hurbil zirela. Aita frankistek atxilotua eta torturatua izana zen, errepublikazalea, gudaria eta geroago Comète sareko kidea izan zen heinean. Bidasoaz harago gerla hotsak isildu zirenean, Parisera egin zuen familiak, eta han hazi zen Iturrioz. Informatika ikasi zuen, eta 2012an Berriari elkarrizketa batean kontatu zionez, familia txiro hartako semeak "xantzaz" bukatu zuen enpresaburu. CGI Compagnie Générale d'Informatique enpresan hasi zen lanean, eta zuzendari postura iritsi zen. Enpresa langileen jabetzakoa zen, 1996an saldu zuten arte, diru saldoa eginez. 2005 arte zuzendari jarraitu zuen Iturriozek.
Larraldea, elkarteek behar zuten etxea
Erretreta hurbiltzen ari zela, anaiari Larraldea erosi zion, ez zedin salmenta librean eta espekulazio arriskuan gelditu. Bertan bizitzeko asmorik gabe erosi zuen baina: lehenik, arte erakustoki bezala erabili zuen, eta 2004an, Bertsularien Lagunak elkarteari eskaini zion haren egoitza bertan plantatzea. Hari beretik, pixkanaka, bertze batzuk ere batu zitzaizkien: Integrazio Batzordea, Euskal Herrian Euskaraz, Zirikolatz Senpereko dantza taldea, Euskal Herrian Euskaraz, eta berrikiago, Gastibeltza ekoiztetxea. Amotzeko baserrian zituzten bulegoak, bilkura gelak, eta arimaren zati handi bat eragile horiek. Bertso saio andana ere hartu dituzte pareta horiek azken hamarkadatan.
Azken urtean hustu dute hain zuzen ere elkarte horiek Larraldea, eta joan den ekainaren 27an agur ekitaldi bat egin zioten etxeari. Andoni Iturriozen seme batek hartua du etxearen jabetza, aita zendu aitzinetik, eta saltzeko asmorik ez omen badu ere, bukatu zaio Larraldeari elkarteen etxe izateko garaia.
Euskal presoen etxeratzean bidelagun
2012an, Euskal Herrian bake prozesua hasi berritan, presondegietatik ateratzekoak eta erbestetik etxeratzekoak ziren militanteak laguntzeko beharra agerikoa bilakatu zen. Hala sortu zuten Harrera elkartea, eta lehen lehendakaria izan zen Andoni Iturrioz.