Garazi Baigorri eskualdean agertu dira FCOren izenean ezaguna den eritasun kasu berri horiek,. Bi astez, hiru kasu agertu dira lurraldean, baita Xiberoan ere. Heriotza eragiten ahal duen eritasun horren kontra, marexalek txertatzera deitzen dute.
Eritasunak pairatzen segitzen dute laborariek. Izan ere, uda hastapen honetan, ontsa ezaguna den eritasun baten itzulia nabarmendu dute Garazi Baigorri eskualdeko marexalek: ardien sukar katarrala, ere deitua mihi urdina edo FCOa. Lehen kasua duela aste pare bat agertu bazen, geroztik, beste bi zenbakitu dituzte lurraldean eta Xiberoak ere bere lehen kasuen berri eman du. Epidemia aipatzeko goizegi bada ere, eritasunaren birulentziaz abiatu nahi lukete marexalek, txertoa aholkatuz.
Heriotza eragiten ahal duen birusa ulitxek diete ardiei transmititzen, eta eragin bortitzak ukaiten ahal ditu hazkuntza arloan, iaz Bretainian ikusi zen bezala. Azken bi urteetan 8. serotipoa agertu zen Ipar Euskal Herriko bazterretan, kalte handiak eraginez hazkuntza arloan. Aurten 3.a atxeman dute: serotipo desberdina, baina kalte berdinekin. Birusa harrapatzen duten kabalek sukarra ukaiten dute, baita ahoko lesioak, gehiegizko berotasuna eta arnasa hartzeko zailtasunak ere. Horrez gain, gogortuak eta hanpatuak dira, ezin mugitu eta ezin jan. Ororen buru, ardi eri horiek usu hiltzen dira.
Txertoa aterabide gisa
Urtarrilean agertu zitzaizkien lehen kezkak marexalei. Garai hartan, jadanik, haien ardien txertatzera deitu zituzten hazleak, FCO 8 eta 3ren aurka. Garazi Baigorriko lurraldeko erdiak txertoa egin zuen. Gaur egun, eta azken berri horien ondotik, ezin bada oraino epidemiarik edo alerta handirik aipatu, FCO 3 horren kontra txertatzen segitzea aholkatzen dute, hedapenaren geldiarazteko larritu aitzin.
Azkenik, birusak behiak hunkitzen ahal baditu ere, eraginak eta arriskuak ez direla berdinak azaldu dauku Bixente Zozaya Garaziko marexalak, ez baita behiengan ardiengan bezain bortitza.