Jendea aimiez etorri da enpleguaren eta industria lanbideen forura. Hamabi enpresa eta sei formakuntza zentro jin dira informazioa ematera
Baionan, enplegu eta industria lanbideen forua betea izan da; bisitariek pazientzia ukan behar izan dute enpresekin harremanetan sartzeko. Erran behar da 300 postu eskuragarri direla tokiko industria sektorean eta parada ona dela enpresentzat eta lana xerkatzen dutenentzat elkar-ezagutzeko. Guztira, hamabi enpresa eta sei formakuntza zentro bildu dira.
Aeronotikan ari den Lauak enpresak bertan zenbait postu ditu eskaintzeko, batez ere ekoizpenean, adibidez egituren muntatzaile-egokitzaileak. Enpresa horrek berezitasun bat badu formakuntza zentro bat ere duelako , Lauak eskola, formakuntzaren arduraduna den Jessica Lagardek adierazi du eskolak enpresaren beharrei erantzuteko jendea formatzen dutela lanbide berezituetan eta langilegoa luzarako atxikitzeko helburuarekin.
Helduendako formakuntzak proposatzen dituen GRETA-CFAko Isabelle Charrittonek foruaren garrantzia azpimarratu du formakuntzaren aldetik. Gehitu du emazteak xerkatuak direla industrian eta luzarako lanbide on baten ukaiteko parada dutela.
Arthur Saunier metalezko egiturak egiten dituen Geroari enpresako lan baliabideen arduradunak adierazi du bere enpresan ez direla soilik esperiantzia dutenei interesatzen eta barne-formakuntzak antolatzen dituztela.
Tokiko enpresetan, arlo ezberdinetako lanbideak aurkitzeko parada da foruan: horien artean larru artisau, egituren muntatzaile-egokitzaile, hegazkingintzako tindalari, mekanizazio teknikari, elektromekanikari, etabar.