Girondako prefetak A63 autobidea bi zentzuetan irekitzea agindu du gaur. 14:00tan irekiko dute, aste hastapenetik Baiona inguruan auto pilaketa etengabeak sortu ondotik. Trenik ez da izanen Bordelera gutienez igandera arte.
Igande arratsaldean itxi zuten A63 autobidea Baionan eta Bordelen, Girondako suteen ondorioz. Alta, suteak kontrolatze bidean diren honetan, irekitzeko agindua eman du Girondako prefeturak, eta gaur, 14:00tan irekiko dute bi zentzuetan. Bihartik aitzina urteko garairik konplikatuenetakoa heldu da errepideetan, uztaila bukaera eta agorril hastapeneko oporretako joan-etorri asteburua baita.
Baionan, A63 eta A64 autobideen arteko bidegurutzean itxi zuten, Bordeleko zentzuan. Euskal Herrirako zentzuan aldiz, Bordelen itxia bazen, Landetatik landa irekia zen. Baiona eta inguruan sekulako auto pilaketak sortu ditu egun hauetan mozketak, kilometro luzetako ilarekin autobidean eta Baionako bide nagusiak kolapsatuz.
Garraiolarien sektorea, kolpatua
Garraiolariak kexu dira: desbideratze ofizialek kasik bi orduz luzatu dituztelako bidaiak. Bide txikiak ere saturatuak izan dira, eta auto-ilara luzeak sortu dira. Batzuek egun erdia edo egun osoa galdu dute bidean, garraioaren prezioa emendatzen ez delarik.
Garraiolari independenteentzat, galerak handiak izan dira. Hori azaldu digu Aingeru Apezetxek, Bidasoalde Garraioak enpresako garraiolari independenteak:
Trenbidea autobidea baina kolpatuagoa da aldiz, sutea askoz hurbilago izan baita, Marcheprime eta Cestas inguruan. Horren ondorioz, gutienez igandera arte luzatu du Bordele-Hendaia linearen itxiera SNCFek. TER trenak badira Hendaiatik Akize, Paue eta Morcenx arte, baita Intercités zerbitzuak ere, Tolosara. Handik AHTak normaltasunez dabiltza Bordele eta Parisera.