500 eta 1000 euro arteko isunak Hazparneko Puyo etxebizitza agentzia okupatzeagatik

2024ko urtarrilean 60 bat manifestarik Hazparneko agentzia okupatu zuten, Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak deiturik Aiherra Etxexuria etxaldearen salmenta espekulatiboa salatzeko. Astearte huntan eman du erabakia Baionako epaileak.

500 eta 1000 euro arteko isunak Hazparneko Puyo etxebizitza agentzia okupatzeagatik
Auziperatuen sostenguz dozenaka lagun bilduak Baionako epaitegi aitzinean. EUSKAL IRRATIAK
Kriztof Arotzarena
2025/09/30 14:33

Etxebizitza agentzia bat okupatzea hitzordu faltsua harturik eta poliziari hatz-markak emateari uko egitea leporatua zitzaizkien 7 auziperatuei Baionan. Okupazioaren kargua atxiki du epaileak eta hobengabetasuna ezarri du bigarren akusazioari begira. Lau kide zigortu ditu 500 euroko isunera gibelapenarekin eta 1000 euroko isuna eman die beste hiruei, bakoitzaren aurrekari judizialak kontuan hartuz. Alta, prokuradoreak gehiago galdetu zuen. 1500 euro gibelapenarekin hirurentzat, 1500 euro beste hirurentzat eta 50 euro egunka emaitea 30 egunez azkenari dagokionez.


Defentsaren aldeko hiru lekukok hitza hartu dute

Puyo agentzia akusatzailetik ez zen nehor auzitegian. Defentsari dagokionez, 7 auziperatuek hitza euskaraz hartzeko galdetu dute eta galdea ez die onartu epaileak. Ondotik defentsaren aldeko hiru lekuko izan dira: Arño Gaztanbide Aiherrako auzapeza, Peio Dufau diputatu abertzalea eta Oihana Bordarrampe donamartiritar laboraria. Hiruek etxebizitzaren arazoa orokortzen ari dela Arberoa ibarrean azpimarratu dute. Laborariak erran du urterako bizitegi gero eta gutiago atxemaiten direla bigarren etxebiziten faboretan. Frantziak daraman politika bakarra lurraldeen ezberdintasunak kontuan hartu gabe zentzugabekeria dela adierazi du Peio Dufauk. Garaian ekintza batzuetan berak parte hartu izana aitortu du gehituz: "Denak auto-inkulpatu beharko ginatekela. Denak hobendun bagira, denak biktimak gira ere". Ezer hautsi ez duten pertsonak epaitzeko ordez, bigarren etxebizitzak dituzten aberatsak litaizkela epaitu behar azpimarratu du diputatuak. Arño Gaztanbide Aiherrako auzapezak hitza hartu du erranez manifestazioa gertatu hilabete aitzin Aiherrako Etxexuriako jabeekin bildu zirela salmenta prezio lotsagarriez eztabaidatzeko.


250.000 eurotan erosi Aiherrako etxaldea 1.600.000 eurotan salgai 7 urte berantago

Aiherra Etxexuria etxaldearen salmenta espekulatiboaren salatzeko 60 bat lagun Hazparneko Puyo etxebizitza agentzia aitzinean bildu ziren 2024ko urtarrilaren 20an Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak deiturik, salmenta hori zuzendu baizuen agentzia horrek. 250.000 eurotan erosi zuen jabeak etxea eta sal prezioa seikoztu zuen 7 urte berantago. Bortizkeriarik gabe iragan bazen elkarretaratzea, nortasun faltsu baten bidez hitzordua hartzea leporatua zitzaien beraz atxiloaldi batzuek eta prentsan agertu bideo batzuek identifikatu 7 kideei. Horrez gain poliziari hatz-marken emaiteari uko egitea akusazio bezala agertzen zen ere. Erran bezala lehen akusazioa du bakarrik atxiki Baionako epaileak.

Auziperatuen sostenguz, auto karakoil operazio burutu zuten Arberoa zeharkatuz eta Hazparnen bukatzeko iragan larunbatean eta jende andana bildua zen Baionako auzitegi aitzinean astearte honetan.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu