Hilabetez erantzunik jaso ez dutela salatuz, Ateliers de la Côte enpresako jabeetako baten denda okupatu dute, legez kanpoko alokairu praktikak salatzeko.
Aldak beste ekintza bat burutu du Miarritzen. Ekain hastapenean egindako okupazioaren segida da. Oroitu, duela hilabete bat, Aldak Miarritzeko Ateliers de la Côte enpresaren aurka mobilizatu zen, coliving egoitza batean legez kanpoko alokairu praktikak salatuz: baldintza txarreko logelak, eta alokatzaileei bermeak ez itzultzea, besteak beste.
Gaur, ostegunez, elkarteak mobilizazioa gogortu du. Bi jabeek hilabetez ez dietela erantzun salatuz, horietako baten denda okupatu dute. Xebax Christy Aldako boz eramaileak azaldu digunez, lehen ekintzaz geroztik beste zazpi biktima hurbildu zaizkie, eta orotara 6.500 euro baino gehiago dituzte berreskuratzeko. Antzeko lekukotasun gehiago ere bildu dituzte.
Alda jabeetako batekin lehen aldiz bildu bada ere, ez da dirua berehala itzultzeko konpromisorik hartu. Horren ondorioz, administrazioari eta justiziari esku hartzeko eskatu die, eta iragarri du mobilizatzen segituko duela alokatzaileek eta profesionalek zor zaiena berreskuratu arte.
Aldi berean, uda ondoren ikasle askok etxebizitza bila hasiko direla gogoraraziz, Aldak informazio kanpaina abiatu du. Helburua da ikasleei legez kanpoko alokairu praktikak identifikatzen laguntzea eta haien eskubideen berri ematea.