Ipar Euskal Herriko kostaldean 84 leku izanen dira aterperik gabe diren pertsonen laguntzeko. Iaz 477 pertsona aterperatu zituzten neguko urgentziako etxebizitza dispositiboa plantan jarriz.
Astelehen honetatik goiti, Atherbea elkarteak martxan jarri du neguko urgentziako etxebizitza dispositiboa. Neguaren eta hotzaren arribatzearekin inoiz baino ezinbestekoa da etxegabekoei laguntza berezia ekartzea. Prekarietate handian diren jendeak laguntzen dituzte urtero dispositibo honen bidez.
Negu honetan, etxegabeen aterperatzeko tokien kopurua handituko da eta 84 leku izanen dira Ipar euskal herriko kostaldean. Urte osoan 40 leku besterik ez direlarik. Lekuak honela banatzen dira: Angelun 40 leku, horietatik 14 emazteentzat; Baionan 20 toki; Miarritzen 12; eta Hendaian beste 12, horietatik lau emazteentzat, abenduaren 1etik aitzina. Proiektu hori posible da 20 egitura baino gehiagoren elkarlanari esker, horien artean hamar bat elkarte aritzen dira gauez laguntza ekartzen kalean diren pertsonei.
Iaz, neguan, 477 pertsonari aterpea eskaini zuten, 69 emazte barne. Horrek erakusten du dispositiboaren beharra eta garrantzia.
Atherbeak boluntario berrien deia egin du: norbaitek lagundu nahi badu, harremanetan jar daiteke telefonoz 05 59 52 55 00 zenbakira deituz edo mezu bat bidaliz helbide honetara: secretariat@atherbea.fr.