Aurten ere, Ipar Euskal Herriko ikasleen bi herenek ez dute inolako harremanik euskararekin eskolan

Ipar Euskal Herriko ikasleen %67,6k oraindik ez dute euskararekin harremanik eskolan, eta euskararen presentzia nabarmen jaisten da adinean gora egin ahala, Seaskako ikastetxeetan izan ezik.

Aurten ere, Ipar Euskal Herriko ikasleen bi herenek ez dute inolako harremanik euskararekin eskolan
Kasik Seaskako ikastetxeetan bakarrik bermatzen da euskarazko murgiltzea Kolegio eta Lizeoan. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/01/20 07:00

2025-2026 ikasturtean ere, Ipar Euskal Herriko ikasleen bi herenek baino gehiagok, %67,6k zehazki, ez dute inolako harremanik euskararekin eskolan. Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaritzak emandako datuek erakusten dute egoera ia ez dela aldatu azken urtearekin konparatuta. 

Frantsesa da nagusi oraindik ere hezkuntza sisteman, ama eskolatik lizeoraino. Euskaraz gehien ikasten dutenak txikienak dira, baina adinean aurrera egin ahala, euskararen presentzia argiki apaltzen da. Kolegioan eta batez ere lizeoan, euskarazko eskaintza oso mugatua da, eta kasik Seaskako ikastetxeetan bakarrik bermatzen da euskarazko murgiltzea. Gaur egun, 4.263 ikasle ari dira ikastoletan, hau da, ikasle guzien %8. Sare publikoan eta pribatu katolikoan, berriz, frantses elebakarra da nagusi, nahiz eta sail elebidunak eta azken urteetan osoki euskarazko gela batzuk garatzen hasi diren ama eskolan. Elebiduneko datuak apaldu dira txikienen artean, baina osoki euskarazko ikasgelak indartzen ari dira. Hala ere, datu horiek urrun dira oraindik Euskararen Erakunde Publikoak 2050erako ezarritako helburuetatik.

Horren harira, Euskal Haziak, erakaskuntza katoliko euskaldun eta elebiduneko guraso, irakasle eta zuzendarien elkarteak, ate irekien jardunaldiak antolatuko ditu urtarrilaren 31n, 37 ikastetxetan. Hain zuzen, horrekin, euskarazko hautua azkartzeko xedea dutela adierazi digu Arantza Egigurenek, Euskal Haziak elkarteko koordinatzaileak.

Arantza Egiguren Euskal Haziak elkarteko kideak azaldu duenez, elebitasunak kezka eta galdera ugari sortzen dizkie gurasoei, batez ere haurrek txikitatik hizkuntza bat edo gehiago ikasteak izan ditzakeen ondorioei buruz. Hala ere, bere ustez, “kezka horiek askotan aurreiritzietan oinarritzen dira, eta garrantzitsua da horiek apurtzea. Hizkuntza bat ikasteak, izan euskara edo frantsesa, beti irekitzen ditu ateak. [...] Hori guztia azaltzeko eta gurasoen zalantzak argitzeko, ate irekien jardunaldiak antolatzen dira”.

Ikastetxeen zerrenda osoa hemen atzemanen duzue.

Interesgarri izanen zaizu