Auzolan egunaren hirugarren edizioa ospatuko du Aldak larunbatean

Etxebizitza eskubidearen aldeko eguna iraganen da Baionan, Glain gunean. Etxebizitza sozialetako ordezkarien hauteskundeak azaroaren 16tik abenduaren 2ra izanen dira.

Auzolan egunaren hirugarren edizioa ospatuko du Aldak larunbatean
2025eko Auzolan eguna Baionan. EUSKAL IRRATIAK
Ihintza Arrieta
2026/10/29 07:00

Auzolan egunaren hirugarren edizioa ospatuko du Aldak heldu den larunbatean. Edizio berezia izanen da aurtengoa, azaro erditsutan iraganen diren HLMetako hauteskundeen abiatzea izanen baita aldi berean. Azaroaren 16tik abenduaren 2ra iraganen dira etxebizitza sozialetako alokatzaileen ordezkarien hauteskundeak, zeinentzat Alda bigarren aldiz aurkeztuko den. 2022an, elkarte gazte-gaztea lehen atera zen gehiengo osoa eskuratuz Habitat Sud Atlantic erakundean eta lehen lekua lortuz Office 64 erakundean. Parada izanen da beraz larunbatean bilan baten egiteko. Hitzaldi bat antolatuko du Aldak, HSA eta Office 64 erakundeetan aurkezten dituen zerrendetako hautagaien presentziarekin.

Bestalde, “Bizitegian sartu: etxebizitza ondoko hauteskunde presidentzialetan” izenburua duen hitzaldia ere izanen da. Alderdi ezberdinetako ordezkari politikoek parte hartuko dute, Iñaki Echaniz diputatu sozialistak, Jean-René Etxegarai Renaissance alderdiko Baionako auzapezak, Alain Iriart Hirigune elkargoko buruak, eta LFIko François Piquemal diputatuak. Gaian aditua den Isabelle Rey-Lefebvre Le Monde egunkariko kazetari ohiak eta Malika Peyraut Aldako bozeramaileak ere hitza hartuko dute. 

Eguna alaiki iraganen da, Loto handi batekin eta Etxebizitzaren Gau beltzarekin. Bazkari herrikoia, taloak eta ostatua ere izanen dira eta gauean kontzertuak, RTZ (rap), Pussy Miel (rock-punk), eta Huskeria Sistema (DJ Dub/Vinyle/Reggae) taldeekin, sarrera librean. Xehetasun guztiak atxemanen dituzue Aldaren webgunean. Kasu haatik, goizeko hitzaldiarentzat izena eman behar baita aitzinetik.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu