Auzolana eta elkartasuna martxan Atalante Zaharran

Baionako Atalante zinema ohia okupatzen hasi da Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialista. Gaur egun Herriko Etxearena den eraikina bost urtez hutsik egon da. Kontseilu Sozialistak ateak berriz ideki ditu, bizi eta erabilpen berria emaiteko.

Auzolana eta elkartasuna martxan Atalante Zaharran
Joan den astetik, “Atalante zaharra ideki dugu, ongi etorri” irakurtzen ahal da Cinema L’Atalante aretoaren pankartaren azpian. KONTSEILU SOZIALISTA
Esteban Bastié Aguerre
2025/09/09 07:00

Baionako San Izpiritu auzoan, L’Atalante zinema-aretoaren pankartaren azpian banderolak ikusten dira, testu gorri eta beltzekin: “Atalante zaharra ideki dugu, ongi etorri”.
Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak azaldu du instituzio kapitalistetatik independente antolatzeko gunea sortu nahi dutela. Horretarako, elkartzeko, eztabaidatzeko eta borrokak antolatzeko espazioa bilatzen dute. Aurreikusten dituzte asanbladak, bilkurak, formakuntzak eta baita liburutegi txoko bat ere.

Halaber, merkatu logikatik kanpo, elkartasunean oinarritutako ekimenak garatzeko asmoa dute: oinarrizko produktuen bilketa eta banaketa, baita tailer zein kultur eskaintza ere. Zapalkuntzaren aurkako borrokarako leku gisa aurkezten dute, eta norbanako zein kolektiboen proposamenak ongietorriak izango direla nabarmendu dute.

Goizetan permanentziak antolatzen dituzte, auzokoei proiektua azaltzeko eta eztabaidatzeko. Aldi berean, auzolanean garbiketa lanak aitzina doaz. Lur Errenteria, Kontseilu Sozialistako kideak azaldu digunez, jendea bertara hurbiltzen hasi da. Bertaratutakoek —auzokoek bereziki— oro har begi onez hartu dute ekimena. Han ziren baita zinemako langile ohiak ere. Horietako bat da Yannick Leon, lehen proiekzioak egiten zituena; lekuan berriz sartzean izarrak piztu zaizkio begietan. Pozten da guneak berriz bizia hartzeaz, eta argi utzi du proiektua defendatuko duela.

Hala ere, oraindik arriskuan dago proiektua, Herriko Etxearekin fite bildu behar baitute.
Hortaz, laster jakinen da zer norabidetan segituko duen; bitartean, antolatutako ekimenetan jende ugari bildu dute, eta auzoaren babesa agerian gelditu da.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu