Indarkeria matxistaren hamaika bisaiak salatuko dituzte Ipar Euskal Herrian azaroaren 25 honetan

Indarkeria matxisten aurkako nazioarteko egunaren kari, jarduera eta mobilizazio ugari izanen dira bihar. Bi manifestaldi izanen dira Baionan, Sutan kolektiboak eta Itaia antolakundeak deituak.

Indarkeria matxistaren hamaika bisaiak salatuko dituzte Ipar Euskal Herrian azaroaren 25 honetan
Azaroaren 25eko manifestaldi bat Baionan, artxiboko irudi batean.
Erredakzioa
2025/11/24 15:11

Azaroaren 25a indarkeria matxisten aurkako eguna da, eta hainbat mobilizazio izanen dira Ipar Euskal Herrian. Baionan, bi manifestaldi: Itaia kolektiboak 18:00tan deitu du hitzordua, indarkeria matxistari aurre egitea kapitalismoaren kontrako borrokan kokatzen dutela azpimarratuz. 18:30ean, Sutan borroka transfeminista kolektiboa karrikara aterako da "konplizitate sareen aurrean" aldarrikapen feministak ozen egiteko. Sutan kolektiboko Maddi Kintana eta Itaiako Elixabet Etxandirekin mintzatu da Lorea Mailharrancin.


Baionan ez ezik, Larzabalen ere elgarretaratze bat izanen da asteartean, 18:30ean biribilgunean. Indarkeria matxistak hamaika bisai dituela oroitarazi dute antolatzaileek, hala nola indarkeria bikarioa. Jone Barneixek bildu ditu xehetasunak.


Bestalde, Kanbon Je était une autre dokumentalaren inguruko zine-eztabaida izanen da 20:00tan, eta Senperen sorginkeria auzien biktimen omenaldia 18:00tatik goiti, 20:00tan Sorgina banaiz Asisko Urmenetaren dokumentalaren hedapenarekin segituz.

Mobilizazioaz harago, biktimei laguntzearen erronka

Azaroaren 25a aldarrikapenerako eguna bada, eguneroko lana eskatzen du indarkeria matxistaren borrokatzeak. Horretan ari da Atherbea elkartearen Alba zerbitzua: biktimak artatzen dituzte, usu muturreko egoeretan eta urgentziaz. Urtean 150 emazte inguru laguntzen ditu Albak, izan arreta psikologiko, larrialdiko aterpetze edo prebentzio lanetan. Andrée Diarté laguntzailearekin izan da Lorea Mailharrancin.

Interesgarri izanen zaizu