Baiona inguruan auto pilaketa handiak sortu dituzte Girondako suteen ondorengo desbideraketek

A63 eta A64 autobideen arteko bidegurutzea itxi du eguerdian Prefeturak, eta atzotik A63an ezin da jarraitu Baionatik iparrera. Auto pilaketak Miarritze paretik Baiona iparrera luzatzen dira astelehen arratsaldean.

Baiona inguruan auto pilaketa handiak sortu dituzte Girondako suteen ondorengo desbideraketek
Auto pilaketa batzuk, artxiboko irudi batean. EUSKAL IRRATIAK
Aimar Lopez Erasun
2026/07/27 16:29

Baionan, Mousserolles inguruan eta Aturri bazterrean auto pilaketak dira nagusi gaur goizetik, Girondako suteen ondorioz A63 autobidea itxi eta gero. Izan ere, Landetara joan nahi duten gidariak Baiona erdigunetik pasa behar dira, San Izpirituko edo Grenet zubietatik Landetako departamendura sartzeko.

Bertzalde, Bordelen ere hetsia da A63 autobidea Euskal Herrirako zentzuan, eta hortaz, Frantziatik heldu den trafiko guztia A64 autobidetik iristen da, Paue aldetik. Iritsiera hori errazteko, Ametzondoko sarrera hetsi du prefeturak eguerdian, eta beraz, Hendaiarako zentzuan A63a hartu nahi izanez gero bertan, Mugerrera joan behar da autobidez, kontrako zentzuan beraz. Mugerren zentzuz aldatu behar da, eta A64a hartu eta Hiriburura iritsirik, A63an sartu Hendaiarako zentzuan. Modu berean, Pauetik Ametzondora atera nahi izanez gero, irteera hetsia da, eta aitzineko irteeran, Mugerren atera behar da eta D936 errepidetik iritsi.

Gauzak hola, hetsiak dira:

  • A63a, Bordeleko zentzuan, 5. irteeratik landa

  • A64ko 1. sarrera, Ametzondotik Hendaia/Bordele zentzuan

  • A64ko 1. irteera, Ametzondora


Hendaiatik Baionara sartzeko, 4. irteera inguruan auto pilaketa nabarmenak dira, eta 5. irteera kolapsatua da. Oroitaraztekoa da TER trenak ez direla bertan behera utziak Hendaia eta Baiona artean, eta Pauera zein Morcenxeraino iristen direla, Bordelera ez. Hortaz, Lapurdiko kostaldean trenez ibiltzea aukera bat da oraindik ere.

Interesgarri izanen zaizu