Nahiz eta Baionako Herriko Etxearen jabetzapean izan, baziren bost urte zinema famatu ohia hutsik zela. Okupazioaren bidez, Kontseilu Sozialistako kideek gune militante berri bat sortu nahi dute, sistema kapitalistatik kanpo ibiltzeko xedearekin.
Baionako Atalante zinema ohia okupatzen hasi da, goiz honetan, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialista. Gaur egun Herriko Etxearena den eraikina bost urtez hutsik egon zen, goiz honetako ekintza arte. Kontseilu Sozialistako kideek ateak berriz ideki dituzte, bizi eta erabilpen berria emaiteko asmotan. Aspalditik espazio baten ukaiteko beharra senditzen zuten, eta Atalante zinema ohiaren arra hartzean ekintza sinbolikoa ikusten zuten Iparraldeko kideek. Hain zuzen, Lur Renteria Kontseilu Sozialistako kideak azaltzen duen bezala, San Ispirituko auzoa Baiona osoaren moduan, aldaketa anitz bizitzen ari da, nola alokairuen igoera, hala bizitza estiloaren gorakada. Kapitalismoari lotutako dinamika horri aurre egin nahi diote okupazio horren bidez.
Lekua okupatzeaz gain, eskaintza politiko, sozial eta kulturalak garatuko dituztela jakinarazi dute. Jadanik janari biltegiak eta banaketak egiten baldin bazituzten ere, lokal baten ukaiteak lagunduko die ekintza horien segitzeko Lur Renteriaren arabera. Horren haritik, ezinbestekotzat jotzen dituzten funtzioak segurtatu nahi dituzte, sistema kapitalistatik at ibiliko den gune militante honetan. Horrez gain, dohainikako eskaintza proposatuko diete interesatuak diren guziei, langile klasearen kontrako zapalkuntzari aurre egiteko.
Ideki eta 30 minutura, polizia jadanik lekuan berean zen ekintzaileekin hitz egiteko. Galdera batzuen ondotik, hamar bat kideak eta auzo batzuk zinema ohiko murruen artean utzi dituzte. Proiektuaren aurkezpena irailaren 3an, asteazkenez, 19:00tan iraganen da lekuan berean.