17:00etan hasi eta igandera arte luzatuko dira Lapurdiko hiriburuko bestak. Ez da erraza data egokiak finkatzea, ez dadin azken urteetako jende saldoa bildu, nahiz eta iaz jadanik kopurua zerbait apaltzea lortu zuten.
Urteroko galdera da: nork botako ote ditu gakoak herriko etxeko balkoitik? Baionako bestei hasiera emateko, aurten hiru lagun izanen dira: Marie Darrieussecq idazlea, Jean Claude Telletxea Cheval Blanc ostatuko sukaldaria eta Maya Lauqué France 2 kateko goizeko saioaren aurkezlea.
Peio eta Pantxoak kantatuko dute eta BAB solidaire elkartea, Gaskoi akademia eta Aviron Bayonnais futbol taldea izanen dira aurten omenduko dituztenak. 16:00tan hasiko da herriko etxeko plaza musikaz animatzen, nahiz eta irekitze ofiziala 17:00etan izan. Tenore egokia dela adierazi digu Yves Ugalde, besten ardura duen axuantak.
Besta alternatiboak berriz, arratsaldeko 18:00tan hasiko dira, aurten Patxa plazan. Beste hainbat gunetara hedatuko dira ondotik: Txalaparta ostatua, Epaiska, Züzülü, Laborarien xokoa, ikastolen eta Karrikaldiren xokoa, Biltxoko, Or Konpon, gune gorria eta Gure Irratiaren Gure Plaza, aurten lehen aldiz Montaut plazan izanen baitira ostiraletik igandera.
Bost egun eta bost gauez, ia 24 orduz izanen da egitarauan zer egin. Berria egunkariko lankideek taula interaktibo bat sortu dute, herriko etxearen egitaraua eta besta alternatiboena batuz. Jarraian ikusi daiteke.
Bestak ahal bezain garbiak izan daitezen 180 langile ariko dira goizetik arrats karrikak garbitzen, eta 284 pixa toki instalatu dituzte baita 62 kabina berezi emazteentzat. Horrez gain, 244 garbiontzi ere izanen dira, elbarrituentzat egokituak.
Urtero bezala, Baionara hurbiltzeko Txik Txak autobus sarea erabiltzeko aholkatzen du herriko etxeak.