Badu urte pare batzu Itaiak Baionako bestetako erasoen kudeaketan eta zenbaketetan lanean ari dela baina aurtengo protokoloa desberdina izanen da. Bide beretik, Itaiak Baionako Herriko etxearen hipokrisia salatzen du.
Itaiaren arabera, 2023ko Baionako bestetan, 21 sexu eraso salatuak izan dira eta horien artean lau bortxaketa. Iaz, 17 eraso matxista salatu ditu Itaiak eta horien artean bortxaketa susmo bat, eraso fisikoak, ahozko erasoak eta bideo bat masiboki zabaldu zen. Paraleloki, Baionako herriko etxeak besten bilan positiboa egin du. Itaia kolektiboak herriko etxearen hipokrisia eta ardura eza salatzen du. Konfiantzarik ez duenez instituzioengan, aurten ere erasoen zenbaketa eta kudeaketa beregan hartzen du beste eragileekin batera.
Baina aurten, beste protokolo edo antolaketa bat plantan ezarri du Itaiak. Lehenik, eraso baten salatzeko manerak aldatuak dira, helburua baitzen edozein lekutan izanik ere salaketa egitea. Horrendako, hiru salatzeko manera izanen dira, telefonoz, plantan ezarria izanen den telefono zenbaki batekin; beste salatzeko manera izanen litaike Itaiaren sare sozialen bidez eta azkena, Baionako bestetan idekiak diren peña eta ostatu batzu finkatuak izanen dira erasoen salatzeko. Aurten beraz ez da joan den urtetan bezala izanen harrera protokolorik ez eta babes gunerik, baizik eta erasoen kontabilizatzeko salaketa pundu ezberdinak.
Aldiz, beste urteetan karriketan eramaten zen lana, hau da afitxaketa eta zenbakien berri ematea eginen da aurten ere, erasotzaileei presio egiteko eta erasotuak sustengatuak senditzeko gisan. Bestalde, azken eguneko elgarretaratzea ere atxikitzea deliberatu du Itaiak.
Informazio gehiagorentzat, laguntzaile izateko eta horren inguruan eztabaidatu nahi bada, Baionako bestak aitzin hainbat hitzordu luzatu ditu Itaiak:
Ekainaren 20an protokoloaren aurkezpena eginen dute 6:30etan Baionako Epaiskan.
Uztailaren 2an autodefentsa tailer bat astiriko 6:30etan ere Oreka zirko gunean.
Uztailaren 7an mahaian inguru bat ere antolatua da indarkeria matxistaren eta faxismoaren inguruko gogoeta baten egiteko Korail kafetegian arratseko 7:00tan.