Baiona (Lapurdi)

Baionako bestak «biziki baldintza onetan» iragan direla nabarmendu dute Herriko Etxetik

Baionako bestek milioi bat lagun bildu dituzte aurten, iaz baino parte-hartze txikiagoarekin eta krimen edo gertakari larririk gabe, nahiz eta bi sexu-eraso salatuak izan diren, eta seguraski gehiago.

Baionako bestak «biziki baldintza onetan» iragan direla nabarmendu dute Herriko Etxetik
Baionako Suprefekturan ziren (Ezkerretik eskuinera) Baionako auzapeza Jean René Etchegaray, Mathieu Duhammel Suprefeta eta Jeanne François Prokuradore ordea bilana aurkezteko. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/07/22 17:25

Baionako bestak «biziki baldintza onetan» iragan dira aurten, Herriko Etxearen, suprefetaren eta prokuradore-ordearen arabera. Milioi bat lagun inguru bildu dira bost egunez, duela hiru urte baino %15 gutxiago. Bigarren urtez segidan, ez da krimenik edo gertakari larririk izan.

Jean René Etchegaray Baionako auzapezak parte-hartzearen apaltzea eta bestak uztailaren erdialdean antolatzea begi onez ikusi ditu: «Milioi bat pertsona bost egun eskasez hirigune nahiko hertsi batean ibiltzen direlarik, nola ez da arau-hausterik izanen?». Bestak beste plaza batzuetara zabaltzeak erdiguneko jende metaketa arintzea ere ahalbidetu du.

Segurtasun eta sorospen dispositiboan 11.050 agente eta langile mobilizatu dira. Orotara, 1.342 pertsona artatu dituzte, 442 salaketa bildu eta 44 pertsona komisaldegian atxiki dituzte —iaz baino bederatzi gehiago—. Horietarik 20 erasoekin lotuak dira.

Hala ere zehaztekoa da bi pertsona sexu-erasoengatik atxilotu dituztela. Jeanne François Prokuradore ordeak adierazi duenez: «Bi kasuak besta betean gertatu dira, jende anitz zegoelarik eta alkohol-kontsumo handiko testuinguruan. Biktimak arroparen gainetik ukitu zituzten, ipurdi aldean. Poliziaren presentzia handiari esker, biktimek berehala salatu ahal izan zituzten gertakariak, eta ustezko erasotzaileak laster atxilotu zituzten». 
Zenbait prozedura oraindik bidean dira, tartean xistaketa baten eta abandonaturik aurkitutako 11 urteko haur baten kasuak.

Interesgarri izanen zaizu