Baiona (Ipar EH)

Baionako bestak hainbat berritasunekin berriz heldu dira uztailaren 15etik 19ra

Baionako besten egitarau berritua aurkeztu dute astearte honetan Baionako Gaskoi Akademiaren aitzinean. Animazioetaz gain, erasoei aurre egiteko prebentzioa antolatu dute. Bestalde, adierazi dute futboleko munduko kopak ez duela gaina hartuko.

Baionako bestak hainbat berritasunekin berriz heldu dira uztailaren 15etik 19ra
Instituzioaren 100 urteen kari, Gaskoi Akademiaren aitzinean aurkeztu dute Baionako besten egitarau berritua. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/07/01 12:34

Baionako besten aurtengo egitaraua aurkeztu dute astearte honetan Baionako Gaskoi Akademiaren aitzinean. Akademiak 100 urte ospatuko dituenez eta Baionaren kulturaren parte denez lekua hautatu dute aurtengo egitarauearen aurkezteko.

Uztailaren 15tik 19ra iraganen diren bestetan, kontzertu, ikusgarri eta ohiko hitzordu anitz izanen dira. Aurtengo berritasunen artean, zazpi gazte banda lehian ariko dira aurten, belaunaldien arteko transmisioa sustatzeko helburuarekin. Aurten, 1.000 musikari baino gehiago ariko dira Baionako karriketan, horietan 33 banda. Bestalde, lehen aldiz, uztailaren 18an, larunbataz, Ipar Euskal Herriko zortzi tanborrada ibiliko dira Baionan.

Aurtengo berritasunetan, euskal kulturari eta ondareari eskainitako gune berezia plantatuko dute Montaut plazan: “Gure plaza” gunea izanen da eta Gure Irratiak animatuko du plaza hiru egunez, uztailaren 17tik 19ra.

Urtero bezala Karrikaldia ere izanen da Baionako bestetan. Jean-Marc Landarretxe antolatzaileak azaldu digu, giro herrikoian, animazioak izanen direla eguerditik gauerdi arte; eta, dantzaz eta musikaz gain, herri jokoak izanen direla.

Baionako bestak erasorik gabe eta bortizkeriarik gabe izatea ezinbestekoa dela adierazi dute antolatzaileek. Horrendako, prebentziorako hainbat afitxa agertuko dira karriketan eta, aurten, "Erasorik ez" mezua agertzen da besten baso berrietan.
Maina prebentzio gunea izanen da berriro eta menpekotasun kimikoaren aurka egiteko kanpaina berezia izanen da.

2026an, futboleko munduko kopako finala Baionako besten garaian jokatuko bada ere, Herriko Etxe aitzinean ez dute pantaila handirik ezarriko, Corso argiztatua ohi bezala egin dadin. Antolatzaileek adierazi dute futboleko munduko koparen egutegiak ez duela gaina hartuko Baionako besten egitarauaren gain. Aldiz, ostalariek pantailak emaiten ahalko dituzte, eta, agian, Baiona Ttipian pantaila bat ezartzea aztertzen ari dira.

Informazio guztiak fetes.bayonne.fr webgunean eskuragarri dira.

Interesgarri izanen zaizu