Baiona (Ipar EH)

Baionako Elikadura Bankua, uda honetan ere martxan

Baionako Elikadura Bankuak lehen aldiz ireki ditu ateak abuztuan, laguntza beharra handitu delako. Pandemiaren ondoren prekaritatea igo da, eta boluntarioek janaria ez ezik, hurbiltasuna eta elkartasuna ere eskaintzen dituzte.

Baionako Elikadura Bankua, uda honetan ere martxan
Astelehen honetan 74 familia —145-150 pertsona inguru— hurbildu dira. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/08/11 18:58

Baionako harrera gunea itxi zenetik, Ipar Euskal Herriko Elikadura Bankuak abuztuan irekitzeko erabakia hartu du, lehen aldiz. Ohikoan uda partean itxita egoten diren arren, boluntarioek azpimarratu dute beharra handia dela. Janaria jatetxe eta supermerkatuetan biltzen dute, eta gero merkatu moduko batean banatzen diete izena aitzinetik eman duten familiei.

Astelehen honetan 74 familia —145-150 pertsona inguru— hurbildu dira. Joan den astean, bi egunetan, 148 familiak izena eman zuten, eta horietatik 100 inguru etorri ziren janaria jasotzera. Profil nagusiak gazteak, emakumeak eta guraso bakarreko familiak dira. Anaïs-en kasua horren adibide da: bere alabarekin joan zen janari banaketara.

Prekaritatea Ipar Euskal Herrian zertxobait txikiagoa da (%10) Frantzia osoan baino (%13), baina joera orokorra gorantz doa, bereziki pandemiaren ondotik. 2019an 700 tona janari banatu bazituzten, iaz 1.300 izan ziren. Filipe Labedan lehendakariaren arabera, sarritan egoera hau ez da begi-bistakoa, eta laguntza eskuratzeko eskubidea duten askok ez dute eskatzen.

Elikadura Bankuak janaria banatzeaz gain, harremanak eta solasaldiak sortzeko ere balio duela gogoratu du Labedanek. Urtean zehar hainbat bilketa egiten dituzte; lagundu nahi duenak informazio gehiago aurki dezake hemen.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu