Baiona (Lapurdi)

Baionako Herriko Etxeak eta Estatuaren zerbitzuek balorazio baikorra egin dute aurtengo bestetaz

Baionako bestek oro har balorazio baikorra jaso dute Herriko Etxearen eta Estatuaren zerbitzuen aldetik. Bost egunetan 1,1 milioi bestazale zenbatu dira, eta 180.000 eskumuturreko banatu dira.

Baionako Herriko Etxeak eta Estatuaren zerbitzuek balorazio baikorra egin dute aurtengo bestetaz
180.000 eskumuturreko baino gehiago banatu dira aurten. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/07/17 09:48

Baionako Herriko Etxeak eta Estatuaren zerbitzuek “besta onak” izan direla nabarmendu dute, zenbait egoera larriren berri eman bada ere. Segurtasun dispositiboa zabala izan da aurten: 800 agente mobilizatu dira eta milaka kontrol egin dituzte. Segurtasuna bermatzeko baliabide handiak ez ezik, prebentziorako tresna berriak ere erabili dira, hala nola Vigilance Fête izeneko aplikazioa, 5.000 aldiz deskargatua izan dena. Aplikazio horren bidez 24 dei jaso dituzte, gehienak “borroka arinak” zirela zehaztu dute. Adingabeen alkohol kontsumoa ere kezka iturri izan da: laguntza medikua jaso dutenen %10 adingabeak ziren, zerbitzu horiek jakinarazi dutenez.

Agintariek, oro har, besta giro baikorra azpimarratu dute, bestalarien kopuruaren mugaketan oinarrituta. Horren harira, Baionako axuanta Yves Ugaldek adierazi du bestaren data aldaketak eragina izan duela parte-hartzearen kudeaketan. Bost egunetan 1,1 milioi bestazale zenbatu dira —iaz baino %2 gutxiago—, eta 180.000 eskumuturreko baino gehiago banatu dira. Egun gehienetan jaitsiera nabarmendu da parte-hartzean, salbuespen batekin: igandean (%10eko igoera izan da), uztailaren 14ko jai egunarekin bat etorri baitzen.

Bi sexu erasoren salaketa

Aurtengo bestetan, momentuz, bi sexu erasoren salaketa jaso dira. Baionako prokuradoreak ohartarazi du halako kasuek denbora behar izaten dutela salatzeko, eta horregatik jarraipen berezia egiten ari direla, Baionako ospitalearekin elkarlanean. Bi erasoren berri izan bada ere, prokuradoreak azpimarratu du oraingoz ez dela bortxaketa salaketarik jaso.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu