Baionako Herriko Etxeak euskara ofizialki aitortu du; prefekturak aldiz, Sarako aitortza debekatu du

Baionako Hiriak euskara eta gaskoia lurraldeko hizkuntza gisa aitortu zituen atzo. Baina deliberamenduak ondorio juridikoak izan ditzake, Saran Prefeturak ez baitu onartu euskara eta frantsesa maila berean ezartzea.

Baionako Herriko Etxeak euskara ofizialki aitortu du; prefekturak aldiz, Sarako aitortza debekatu du
Urrats hori egin duen Ipar Euskal Herriko bigarren herria bilakatu da Baiona, Sararen ondotik. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/07/24 15:49

Deliberamendua aho batez onartu dute osteguneko Herriko Kontseiluan. Horrela, Baiona urrats hori egin duen Ipar Euskal Herriko bigarren herria bilakatu da, Sararen ondotik.

Deliberamendua sinbolikoa bada ere, haren bidez, Baionako Hiriak euskara eta gaskoia bere nortasunaren, historiaren eta etorkizunaren osagai gisa aitortzeko engaiamendua hartu du. Era berean, bi hizkuntza horien presentzia sustatuko du komunikazio instituzionalean, seinaleztapenean, herritarren harreran, herriko ekipamenduetan eta kultura- zein hezkuntza-arloko ekintzetan. «Baionako Hiriak, aitortza ofizial honen bidez, hizkuntzen aldeko ekimena sustatu nahi du, ikuspegi guztiz apolitiko eta bateratzailea oinarri harturik. Izan ere, hizkuntza-aniztasuna ez da luxu bat, ezta hautu hutsa ere: Baionarentzat eta bertako biztanleendako, eta oro har lurralde osoarentzat, erronka unibertsala, kulturala, hezkuntzazkoa, soziala eta demokratikoa da. Ekimena alderdien arteko zatiketetatik haratago joaten da: gure ondare komunari eta gure elkarbizitzari lotzen zaio. Hizkuntzen biziberritzearen alde eginez, partekatzen dugu, irekitzen gara, elkarrengana hurbiltzen gara eta aberasten gara, gure izaeratik ezer galdu gabe», adierazi du Pantxo Etchegarayk, hizkuntza-politikaz arduratzen den herriko kontseilari ordezkariak.

Hautu hori urgentziazko testuinguru batean iritsi da: 2023ko inkesta soziolinguistikoaren arabera, Baionako lurraldean euskaldun aktiboen eta hartzaileen tasa % 14,6koa da, hizkuntza bat arrisku-eremutik ateratzeko beharrezkotzat jotzen den % 30etik urrun.

Baina deliberamendu horrek ondorio juridikoak ere izan ditzake. Izan ere, azken hitza Estatuaren esku egon liteke, eta orain ikusteko dago Prefeturak deliberamendua aztertuko duen eta Konstituzioarekin bateragarria den ala ez erabakiko duen. Jakin behar da Saran Prefeturak ez zuela onartu euskara eta frantsesa maila berean ezartzea. Uztailaren 2an egin zuen aitortza hango herriko etxeak, Ipar Euskal Herriko lehen herria bilakatuz euskarari estatus hori ematen. Alta, Jean-Marie Girier prefeta ohiak neurria bertan behera uzteko agindua helarazi dio berriki Sarako auzapezari.

Interesgarri izanen zaizu