Batera birsortu dute, Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatea erdiesteko xedez

Ezpeletan egindako biltzarrean, Baterak bere jarduna berrekitea erabaki du, eta estatus bereziko lurralde kolektibitate baten aldeko mobilizazio fase berri bat iragarri du.

Batera birsortu dute, Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatea erdiesteko xedez
Batera-ren biltzar nagusian parte hartu duten kideak, Ezpeletan. BATERA
Erredakzioa
2025/05/12 11:51

Batera plataformak, urteetako geldialdiaren ondotik, bere jarduera berrabiarazi du, Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala berriz agenda politikoan ezartzeko xedez. Ezpeletan egindako biltzar nagusian, “etapa instituzional berri” baten aldeko engaiamendua hartu dute, eta estatus bereziko lurralde kolektibitate baten aldeko mobilizazio fase berri bat hasiko dutela jakinarazi dute. Lehentasunezko zeregina: instituzio eredu bateratua adostea eta, ondoren, Frantziako Estatuko agintariekin negoziazioak abiatzea.

2002an sortu zen Batera lau aldarrikapen nagusiren inguruan —euskal departamendua, euskararen koofizialtasuna, laborantza ganbera eta berezko unibertsitatea—, eta sektore ugaritako babes zabala bildu zuen. Oraingo biltzarrean ere, 120 lagun elkartu dira, horien artean Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak, senatari bat, Jean-René Etxegarai Elkargoko lehendakaria, alderdi eta sindikatu ezberdinetako kideak zein euskalgintzako eragileak.


Lyongo metropolia eredu
Baterak Euskal Hirigune Elkargoaren eta Pirinio Atlantikoetako departamenduaren eskumenak uztartuko dituen egitura bat proposatu nahi du, eta Lyongo metropolia edota Korsikako eredua inspirazio iturri gisa aipatu dira. Datorren hilabeteetan, informazio kanpainak eginen dituzte eta eragileekin bilkurak antolatuko dituzte. Urrian gogoeta egun bat iragarri dute, eta begirada 2026ko herriko hauteskundeetan dute jarrita: aldaketa instituzionalaren aldeko gehiengoa lortzea dute helburu.

2017an sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa, baina Etxegarai lehendakariak eta beste hainbat kidek argi dute: gaur egungo egitura ez da aski. Orain, lege aldaketa bat behar da, eta horretarako kontsentsu sozial eta politiko zabala bilatu nahi dute. 2027an Euskal Elkargoaren hamargarren urteurrena eta Frantziako presidentetzarako hauteskundeak izanen dira, eta Baterak urte horretarako negoziazio eta mobilizazio fase bat aurreikusten du. Ipar Euskal Herriak bere ahotsa eta instituzio propioak izatea dute jomuga.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu