Baterak estatus bereziko lurralde elkargoa gizarteratzeko foroa burutu du

Ipar Euskal Herriak instituzio berri bat behar duela aldarrikatu dute atelierretako parte hartzaileek, eta Alsazia edo Lyongo ereduak aztertu dituzte.

Baterak estatus bereziko lurralde elkargoa gizarteratzeko foroa burutu du
Baionako Arteen guneko bilera gela osoki bete zen Baterako foroa jarraitzeko.
Jose Luis Aizpuru
2025/11/24 17:09

Gaur egungo Euskal Hirigune Elkargoa 2017an sortu zen, hautetsien gehiengo handi baten sustenguarekin. Batera plataformak beste urrats bat aitzina egiteko mementoa heldu dela deliberatu du, eta mahai gainean gogoetarako proposamenak eman ditu. Estatus bereziko lurralde elkargoa erdiesteko foroan ehun jende baino gehiago bildu dira, herrien tokiaz mintzatzeko, eskuduntzez, bozka sistemaz, eta baliabideez.


Peio Jorajuria Baterako talde eragileko kidearen arabera, orain arte ziren beldurrak uxatzeko balio izan du foroak. "Biziki kontent ateratzen gara atelierretatik. Ziren kezkak eta beldurrak gainditu direla iruditzen zaigu. Badira dosierrak lantzeko, baina badakigu zer egin nahi dugun eta nora goazen", laburbildu du Jorajuriak.


Biziki kontent ateratzen gara atelierretatik. Ziren kezkak eta beldurrak gainditu direla iruditzen zaigu. Badira dosierrak lantzeko, baina badakigu zer egin nahi dugun eta nora goazen

 

Gogoetaren funtsa izan da nolako egitura beharko lukeen Ipar Euskal Herriak, eta zein baliabiderekin.  Sufragio unibertsala izan da mintzagai nagusietako bat, gaur egunean ez baita bozka zuzenik Euskal Hirigune Elkargoa hautatzeko. Herriak ukanen luketen ordezkaritza instituzio berri horretan aletu da ere xeheki.


Lurralde kolektibitate berezituak hainbat eskumen ukanen lituzke, bai departamendukoak edo eskualdekoak, eta lege propio bat beharko luke, Asanblada Nazioanalean onartua.

Interesgarri izanen zaizu