Atzo hasi dira terminaleko ikasleak Baxoa pasatzen, Filosofiako frogarekin, eta ondoko egunetan hautatu dituzten berezitasunen azterketak izanen dituzte. Baina aurten ere, Seaskako ikasleek frantsesez egin behar izan dituzte proba guztiak.
Filosofiako azterketa egin eta berehala, elkarretaratzea deitu zuten Seaskako ikasleek, Baxoa euskaraz pasatzeko duten eskubidea aldarrikatzeko. Aurten ere, Seaskako 170 bat ikaslek frantsesez egin behar izan dituzte azterketa guztiak, nahiz eta haien ibilbide osoa euskaraz egin duten.
Matematika eta Historia bezalako gaiak euskaraz pasatzeko aukera bazuten lehen, baina 2021eko baxoaren erreformak atzerapauso nabarmena ekarri du. “Aurrerapenik ez da izan”, salatu du Ihintza Ostolatza Seaskako irakasleak. 2019ko hitzarmen batean ahozko frogak euskaraz egitea aurreikusten zen, eta 2021eko zirkular batek ere zenbait froga euskaraz egiteko bidea irekitzen zuen. Baina ez bata, ez bestea ez dira gauzatu.
Maiatzaren 23an antolatutako Danborren Burrunbak mobilizazio handia eragin zuen Ipar Euskal Herrian, eta horren ondotik, maiatzaren 26an, Akitania Berriko Errektorea Euskal Herrira etorri zen gaiari heltzeko promesarekin. Baina Seaskaren arabera, ordutik ez da inolako erantzunik jaso.
“Eskubide urraketa” ikasleentzat
Egoerak eragin zuzena du ikasleengan. Martxela, Terminaleko ikasle batentzat, “ez da soilik lan gehigarri bat. Eskubide urraketa bat da guretzat.”
Seaskako arduradunek oroitarazi dute urteetan borrokaren bidez lortu dutela aitzinamenduren bat. Haien ustez, presio soziala da bide bakarra aitzina egiteko.
Bitartean, ikasleek proba idatziei aurre egin beharko diete hurrengo egunetan, eta gero ahozko handia pasatuko dute. Baina galdera bat airean gelditzen da: noiz arte euskaraz ikasitako ikasleek frantsesez eginen dituzte haien azken azterketak?