Matematikako baxo berria ezingo dute euskaraz egin Ipar Euskal Herriko ikasle euskaldunek, eta hori salatzeko ekintza egin du Azterketak euskaraz! kolektiboak.
Lau hilabeteko negoziazioek ez dute, momentuz, fruiturik eman, eta ekainean frantsesez erantzun beharko dute Seaskako ikasleek matematikako baxo berria. Hala iragarri zien joan den astean Bordaleko errektoreak euskal parlamentariei, eta Seaskak erabaki "ulergaitza" salatu zuen. Izan ere, 2020ra arte, matematikako baxoa euskaraz erantzuten zuten Bernat Etxepare lizeoko ikasleek, eta behar bertze aztertzaile badirela bermatu zuten parlamentariek urtarrilean Parisen hezkuntza ministroarekin egindako bilkuran.
Donapaleuko akademia ikuskaritzaren egoitza. SELAURUA BETEZ
Mobilizazioak iragarri zituen Seaskak, eta lehen salaketa gaur goizaldean agertu da: Bordaleko akademia ikuskaritzak Ipar Euskal Herrian dituen bi egoitzatan, Baionan eta Donapaleun, "Baxoa euskaraz!" leloa duten afixa horiak agertu dira itsatsiak. Berriak aitzinatu duenez, Azterketak euskaraz! kolektiboak egin ditu kolaketak.