Édouard Geffray hezkuntza ministroak Ouest France kazetan iragarri zuen igandean baxoko bi berezitasunetik bat hizkuntza gutituetan egiteko aukera 2028tik goiti. Seaskaren arabera berantegi da hori.
Joan den ostegunean iragarri zuen Peio Dufauk hura eta Paul Molac diputatu bretoia ministroaren erantzun baten zain zirela, baina baxoan hizkuntza gutituen presentzia ofizial egiteko bidean zela. Igandean iritsi zen arrapostuaren hastapena, Ouest France kazetan Édouard Geffray ministroak eman zuen elkarrizketa esklusiboan: lizeoetako ikasleek baxoko bi berezitasunetako baten azterketa haien ikasketa hizkuntzan egiteko aukera izanen dute, hots, euskaraz, bretainieraz, kortsikeraz...
Gisa berean, ahozko handiaren erdia ere euskaraz egiteko parada izanen da, proba hori bi berezitasunetan lorturiko jakintzak aurkezteko aukera baita, eta beraz, azterketa euskaraz eginen den berezitasun horri dagokion erdia ere euskaraz egiten ahalko da ahozkoan.
Geffray ministroaren arabera, "egiazko sail elebidunaren" sorrera dakar iragarpen honek, eta "urteetako brikolatzearen" amaiera. Erik Etxart Seaskako ko-lehendakariak Euskal Irratietan adierazi du "pozgarriak" direla ministroaren solasak, "aldaketa handia" eta "aitzin urrats" bat direlako. Halaber, gabeziak ere ikusten dizkio Etxartek ministroaren hitzei, 2028 berant delako eta konponbidea aurtendanik behar delako.
Etxepare lizeoko ikasleek adierazia dute aurtengo matematikako proba euskaraz erantzungo dutela kosta ahala kosta, eta hala, aurten eta heldu den urterako salbuespen bat ikusi nahi luke Etxartek. "Leheneko matematikako probarentzat ez dugu erantzunik, eta gure ikasleek erabaki dute euskaraz egitea eta guretako ezinbestekoa da zuzenduak izan daitezen azterketak", adierazi digu Seaskako ko-lehendakariak.
Seaskako lehendakariak mobilizazioen garrantzia azpimarratu du ere, ikasle, irakasle eta gurasoen mugimendurik gabe ez zelakoan halako iragarpenik lortuko. Ondorioz, Seaskak atxikiko ditu orain arte iragarriak dituen mobilizazioak, errate baterako, ekainaren seian Bordeleko Errektoretza aitzinean eginen dena.
Euskararen Erakunde Publikoa ere asebeterik agertu da, Maider Behotegi lehendakariaren ahotik: "Jakinarazpen hauek egiazko aitzinamenduak dira euskarazko irakaskuntzaren balorizatzeko eta aitorpenerako".
Entzun Eric Etxart Seaskako ko-lehendakariarekin egin solasaldia.