Biarnon behien DNK eritasunagatik zaintza eremua eman du prefekturak, eta txertatzeko beharra Ipar Euskal Herrira ere hedatu. ELB Sindikatuak deiturik 200 laborarik "masakrea" eta estatuaren errepresioa salatu dute.
Frantziako Ariège eta Doubs departamenduetan hautsak nabarmen harrotu ditu behien DNK Dermatosi Nodular Kutsakorra eritasunagatik kabalen hilketak. Laborariak neurri zorrotz horren aurka antolatu dira, eta polizia behin baina gehiagotan oldartu zaie aste honetan. ELB sindikatua joan den astean lehen aldiz mobilizatu bazen Donapaleun, barda bide bat itxi zuten Donapaleuko jendarmeria aitzinean 200 laborari inguruk, "masakreari stop" lelopean.
Ariègeko etxalde batean, estatuaren zerbitzuak behi guztiak hiltzeko aginduarekin joan dira aste honetan. Laborarien, hautetsien eta laborantza ganbaren erresistentziaren aitzinean, poliziak "ongi joaten ahal zenean gauzak gaizki egitearen hautua" egin izana deitoratu du Euskal Irratietan ELBko Julen Perezek.
Pirinio Garaien departamenduan DNK-k kutsatutako behi bat atzeman dute, eta horrek ekarri du Pirinio Atlantikoetan neurriak zorrozteak. Gaur egun, DNK-k kutsatutako behi bat duten etxaldeetako behi guztiak hiltzea da estatuak inposatutako neurria. Laborantzako sindikatu gehienek eta hainbat alderdik neurrigabekeria salatzen badute, Pirinio Atlantikoetako prefekturak eraginkortasunaren defentsa egiten du, frantses estatuan jadanik hiru gune erregulatutan neurriak altxa dituztela argudiatuz.
Abenduaren 11n DNKri buruzko neurriak aplikatzen diren eremuak, frantses estatu Hegoaldean. Arrosez, txertatze eremua, berdez, zaintza eremua, eta gorriz, babes eremua.
Gaurkoz, Ipar Euskal Herriko behiak txertatzea nahitaezkoa da, estatuaren kontu. Heldu den astean Biarnoko lehentasun gunean hasiko dira txertatzeak, eta Ipar Euskal Herriko prozesua luzatuko da. Bertzalde, neurri zorrotzak eman ditu estatuak kabalen garraioan, eta behiak ezingo dira txertatzea nahitaezkoa den gunetik atera, ez bada hiltegi batera eramateko.