Maiatzaren 14an 125 urte beteko dira Orion euskal kostaldeko azken balea harrapatu zenetik. Urtemuga bereziaren inguruan, Orioko herriak eta tokiko eragileek kasik hilabeteko egitaraua prestatu dute Balearen Eguna ospatzeko xedearekin.
Aurtengo programaren mugarri nagusietako bat izanen da Benito Lertxundiren omenez eginen den kontzertua. Orioko kantariak 2024an utzi zion kontzertuak emateari, eta Balearen Egunaren testuinguruan, aitortza eginen zaio bere ibilbide artistiko oparoari. Omenaldi modura, Et Incarnatus orkestra sinfonikoa eta Euskal Herriko hiru haur abesbatza iganen dira taula gainera; Tolosako Laskurain ikastola, Donostiako Easo koro ttiki eta Garazi Baigorriko Iparralai koroa Lertxundiren kantu ezagunenak emateko.
Kontzertuan orotara 140 parte-hartzaile izanen dira: 50 musikarik osatuko dute orkestra sinfonikoa, eta 90 haurrek abesbatza. Kontzertua maiatzaren 17an izanen da Orioko Karela kiroldegian eta 20:00etan hasiko da.