Hamaika metro arteko uhinak izanen dira kostaldean eta 120 kilometro arteko haize ufadak. Alerta laranja ostegun goiz erditsura arte emana da, eta tren zerbitzurik ez da Hendaia eta Bordele artean.
Lapurdi kostaldeko hondartza oro hetsiak dira asteazken arratsetik, eta Erlaitzako bidea ere, Ziburu eta Hendaia arteko kostaldeko errepidea. Tren zerbitzurik ez da izanen Hendaia eta Bordele artean, eta Baiona eta Donibane Garazi artean ere, ez trenik, ez eta autobus zerbitzurik.
Bideetan traba ainitz ostegun goiz honetan adar eta zuhaitzak eroriak baitira: Biriatu eta Irun artean, autobidean, hiru istripu izan dira, eta kamioi bat gurutzaturik denez, auto ilarak badira. Kanbo gainean arazoak, baita, Suhuskune, Donostiri eta Lekuine arteko bidean; Bardozen ere arazoak, eta Beskoitzeko parean autobidean. Irisarri gainean ere auto ilarak, Uztaritzen, eta Senperen, lakuaren inguruan. Garbiketa zerbitzuak lanean ari dira, han eta hemen.
Biarritzen sablez beteriko babesguneak eman dituzte Hondartza Handiaren parean, kasinoa babesteko, eta goizeko itsas gorak ez du arazo berezirik sortu gune horretan.