Mugari Begira egitasmoa burutu berri du Aritz Ganboa de Migel artzain nafartarrak. Haren arbasoen herriak lotzeko asmoz, mugaz muga Arruazutik Izabara bizikletaz joan da agorril hastapen honetan, zurezko bizikleta bat bidelagun.
Mugari Begira egitasmoa burutu berri du Aritz Ganboa de Migel artzainak. Arruazuko artzaina da Aritz Ganboa de Migel, ardi gasna ekoizten duena. Agian haren izena jadanik entzun duzue EITBko emankizun batzuetan parte hartzeko usaia baitu, eta batez ere Biba Zuek emankizunean. Artzain izaiteaz gain, lotura azkarra du bere arbasoen lurrekin. Aita Arruazukoa du, eta ama Erronkariko Izaba eta Uztarrozekoa: biek lotura zuten artzaintzarekin. Hortik, eta Euskal Herrian inposatuak zaizkigun mugen ideiaren deseraikitzeko, egitasmo ero batean engaiatu zen: Arruazutik Izabara joaitea bizikletaz, mugetatik iraganez.
Agorrilaren 1ean abiaturik, bi astez Euskal Herriko mugaren bi aldeetarik kurritu da Mugari Begira desafioaren burutzeko. Hori gutti balitz, zurezko bizikleta bat hautatu du bidelagun. Bere etxaldetik hurbil den oihaneko pagoz egina da kilometroz kilometro eraman duen bizikletaren egitura. Kilometroz kilometro, baita herriz herri, eta mugaz muga. Izan ere, Arruazutik abiaturik, Debarako bidea hartu zuen artzainak. Debatik Getariara, Getariatik Pasaiara, baita Pasaiatik Hendaiaraino ere, baina aldi honetan arraunean, Albaolako ontzi batekin.
Geroztik Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria hainbat aldiz lotu ditu. Irun, Biriatu, Sara, Baigorri, Maule edota Larraine: gure lurraldean ere bide luzea egin du. Ez baduzue haren gurutzatzeko xantzarik ukan zuen etxetik hurbil agorril hastapen honetan, irailaren 8tik goiti Hamaika Telebistarekin ekoiztutako emisioa ikusgai ukanen duzue, haren abentura osoa deskubritzeko. Azaro arte, aste guziz gertaldi bat so egiten ahalko duzue. Emisioaz gain, dokumental bat ere prestatzen du nafartarrak, Asisko Urmenetaren ilustrazioak apaindurik. 2027an plazaratuko du.