Bero handien ondorioz, Miarritzeko eskoletako ikasleak Irati areto klimatizatuan bildu dituzte. Irakasleek eta burasoek neurria txalotu dute, nahiz eta haurren erdia baino ez den gaur eskolara agertu.
Igandetik alerta gorrian da Ipar Euskal Herria bero handiengatik. Alerta mailarik gorena ezarri dute, eta horren ondorioz hainbat neurri hartu dituzte lurralde osoan. Horien artean, eskolen antolaketa moldatu behar izan dute. Miarritzen, atzo goizean, hiriko eskoletako ikasleak Irati areto klimatizatura eraman dituzte. Herriko etxeak antolatutako autobusez joan dira, kanpoan 40 gradu inguruko tenperaturak iragarriak baitziren. Aretoaren barnean, aldiz, hogei bat gradu besterik ez ziren.
Ikasleak lurrean eserita ziren, batzuk marrazkiak egiten eta besteak jokoetan. Stella, Idoia, Theodora, Nolan eta Gabrielle, Urgazietako eskolako 7 eta 8 urteko ikasleak, egoera berezi horretara egokitzen ari ziren. Azaldu digutenez, «ez da erraza egun osoa barnean pasatzea».
Hala ere, irakasleek eta burasoek neurria eskertu dute. Gené Urgazietako eskolako irakasleak azken egunetako bero handiak gogora ekarri ditu, eta azpimarratu du «ezinezkoa zela ikasleentzat baldintza egokietan ikastea». Bestalde, Bixente Paul Bert eskola taldeko irakasleak azaldu duenez, haurren erdia baino ez da gaur eskolara agertu.
Familiei haurrak eguerdian edo arratsaldeko ordu bietan etxera eramateko aukera eskaini zaie, eta jantegi zerbitzua ere martxan izan da. Gaur ere antolaketa bera mantenduko dute, alerta gorriak segituko baitu eta tenperaturak 40 gradu ingurura irits baitaitezke.