Beroak arriskuan ezarri ditu gure oihanak

Klima aldaketak eragindako beroteak arrisku desberdinak ekartzen dizkio oihanari, besteak beste suteak eta eritasunak. Horri aurre egiteko manerak badira, baina denboraz justu dabiltza oihanzainak.

Beroak arriskuan ezarri ditu gure oihanak
Gironako suteak 42 000 hektarea erre ditu.
Nahia Etxeberri Lopepe
2026/08/04 08:00

Sute arriskua

Azken asteetan Landesetan eta Bordele inguruan izan diren suteak lasaitzen ari direla dirudi, 42 000 hektarea erre eta. Haatik, oihanzainen kezkak ez dira apaldu. Gilen Igoak oihaneko lanak egiten dituen enpresa batean lan egiten du, Donostian, eta hemengo oihanen egoera larria dela ikusten du. Berote eta idorteen ondorioz, arbolak kaltetuak dira, suteak kontutan hartu gabe. Euskal Herrian ez gira Landesetako maila berean, baina gero eta aipatuagoa da suaren arriskua. Bere arabera, lehen neguan zen arriskurik handiena, iratzea bazelarik, baina orain udak ez dira gehiago hain berdeak, eta sua fite lot daiteke.

Estatu mailan lege desberdinak plantan ezarriak izan ziren 2022ko Landesetako sute handiaren ondotik. Adibidez, sute arriskua den lekuetan jendeak eta enpresak eraikin eta azpiegituren pean sasia moztera obligatuak dira urte guziz. Partikularrek etxetik 50 metrotara arte moztu behar dute, suteen %80a etxeetatik hurbil abiatzen baita. Mediterraneo inguruan aspalditik egiten ari dira, baina hemen neurri berria da.

Eritasunen arriskua

Hala ere, Gilen Igoaren ustez eritasunak dira problema larriena. Horren froga gisa hartzen du asurantzak badirela suteentzat, egur ebasteentzat eta ekaitzentzat, baina eritasunentzat ez.

Idorteak arbolak sufriarazten ditu. Urte batez bakarrik gertatzean, ez da hain grabe, baina errepikatzen bada, beroa maite duten parasitoak hedatzen ahal dira. Duela urte batzuk Gipuzkoa eta Bizkaiako pinu landaketetan banda marroina izeneko onddo bat agertu zen, eta Frantzia iparraldean izai gorri (épicéa) landaketak scolyte izeneko intsektuek kaltetu zituzten. Aurten ere, Biarnoan nematodoak agertu omen dira.

Epidemia horiek oihan erregularretan gertatzen dira bereziki, hau da, espezie eta adin berdineko arbolak dituzten oihanetan. Arbola dibertsitate gehien dutan oihanak dira erresistenteenak.

Aterabide mirakuilurik ez

Dibertsitatea, bai, baina aski ote da? Gilen Igoaren ustez ez. Erraiten du klima aldaketarekin atzo balio zuenak gaur ez duela balio. 1949an pentsatu zuten Landesetan suteen kontrako defentsa sistema. Ongi egina da, baina orain beste maila bateko suteak dira, eta ez da gehiago aski. Orain arte dibertsitatea kontseilatua zen espezieen eta genetikaren aldetik, birsorkuntza naturalarekin selekzio naturala pusatzea, klima beroagoetako espeziak sartzea (adibidez Atlaseko zedroa)... Baina klima aldaketa gizakiak baino fiteago abian da, eta ezin da jakin etorkizunean eraginkorra izanen denez.

Mende bukaerara 4 graduz iganen da bataz besteko tenperatura. 50-100 urtez gertatuko da naturalki 5 000-10 000 urtez gertatu izan dena. Arbolentzat erritmoa sobera fite doa, eta ez da denborarik esperimentatzeko. Beraz orain arte dakiguna ahal bezain untsa egiten entseatzen dira, baina ezin da erran aski izanen dela.

Gainera, Gilen Igoak badaki modelo berri bat pentsatu behar dela, eta ez bakarrik oihanen eskalan: gure aktibitate eta paisaia guziak berrantolatu behar dira, batez ere laborantzaren arloan, zeinetan dena artoarengan eta belarrengan oinarritua den.

Interesgarri izanen zaizu