Bertsularien Lagunak elkartekoak prest dira ikasturte berriari ekiteko. Aurten ere, transmisioari indar berezia emanen diote, baina helduentzako lehiaketa eta saioen antolaketan ere segituko dute lanean.
Elkarteko langileak diren Ortzi Idoatek eta Ainhoa Sarasuak azpimarratu dutenez, elkartearen betebehar nagusietako bat transmisioa da. Horretan, bost irakasle ari dira lanean, eta milaka haur eta gazterengana iristen dira. Helburua ez da soilik bertsolariak sortzea; komunitatea eraikitzea eta gazteak bertsozaletzea ere bada xedea. Epe luzera, gai-emaileak eta epaileak sortzea ere transmisioaren ondorioetako bat izatea nahi dute.
Iazko ildoari segituz, bertso eskoletara ikasleak motibatzen jarraituko dute, Seaskan ikastaroak eskainiz eta eskola elebidunetan ere lan eginez. Bertso eskolez gain, trukaketak, saioak eta plazak antolatzen dituzte. Besteak beste, «Bertsolariak Ikastoletara», «Haizea Dator», Gazte Xilaba eta Gardantxilo bertso-paper lehiaketa antolatzen dituzte.
Hezkuntza-materialaren sorreran ere ari dira lanean. Material hori Iparraldera egokitua izanen da, bertako irakaskuntzaren beharrei erantzuteko eta irakasleen lana laguntzeko.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa ere aurten
Aurten, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izanen da protagonista. Txapelketako lehen saioa Hazparnen eginen da, irailaren 19an, eta ondoren Euskal Herriko herrialde guzietan izanen dira saioak. Fase finaletan, iparraldeari dagokionez, finalerdietako bigarren fasea Biarritzen iraganen da, azaroaren 14an.
Bestalde, beste lehiaketa batzuk ere izanen dira aurten Ipar Euskal Herrian. Urriaren 30ean hasiko da Errexil lehiaketa, Urruñan. Aitor Sarasua bertso-paper lehiaketa ere itzuliko da.
Datorren ikasturterako Xilaba ere prestatzen ari dira Bertsularien Lagunak elkartekoak. Taldekako txapelketa ere nola antolatu eta aitzina eraman aztertzen ari dira.