Euskal Irratiek jakin dugunaz, Laurent Mazars Baionako Moderne jatetxeko jabeak eta Patrick Orhategaray Peio Larralderen kirol kontseilariak elkarte baten sortzeko xedea balukete berezkoen zirkuitua kudeatzeko. Esku Pilotak du ardura hori gaur egun.
Lehenik, bilkura bat ukan zutela pilotari berezkoek Esku Pilotarekin jakin dugu, kudeaketa orokorraz ez bailitezke kontent. Primak berantarekin ukaiten zituztela jada jakina zen. Eta ondotik alternatiba baten ekartzeko prest agertu da, Laurent Mazars Baionako Moderne jatetxeko jabeak eta Patrick Orhategaray Peio Larralderen kirol kontseilariak osatutako bikotea.
Bilkura bat aste honetarako antolatu dute Mazars eta Orhategarayk
Lehen bilkura bat ukan zuten berezkoekin. Eta geroztik, gauzak zehaztu lituzkete. Aldaketaren ekartzeko asmoa baluketela iduri luke, gobernantzatik hasiz. Jakin dugunaz, proposatuko luketen elkarte berriko administrazio kontseiluan, eragile guziei ordezkaritza edo presentzia eskainiko liekete, izan pilotariei, pilota elkarte antolatzaileei edo/ta pilotako instituzioei. Preseski, eragile horiek baita pilotariak ere bilkura batetara gonbidatuak dituzte Mazarsek eta Orhategaraik. Aste honetan iragatekoa liteke. Bere aldetik, pentsa daiteken bezala, Esku Pilotak atxiki nahi luke pilotari berezkoen kudeaketa. Eta heldu den astean, bilkura batetara gonbitatu dituela pilotariak jakin dugu.