Betharram: komisio independente batek indarkeria salaketak ikertuko ditu

Betharramen izandako indarkeria fisiko eta sexualaren salaketak argitzeko, komisio independente batek ikerketa abiatu du. Biktimen lekukotasunak eta artxiboen azterketa oinarri, txostena abenduan aurkeztuko dute.

Betharram: komisio independente batek indarkeria salaketak ikertuko ditu
Betharram eskola. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/04/23 10:00

Betharrameko kongregazioak eskatuta, IFJD-Louis-Joinet Institutuko ikerketa batzorde independentea ofizialki lanean hasi da astelehenean. Batzorde honen helburua da Notre-Dame de Bétharram ikastetxean gertatutako indarkeria fisiko eta sexualaren salaketak argitzea, justiziaren eta parlamentuaren ikerketarekin paraleloan.

Batzordea hamar adituk osatzen dute, eta hiru lan-ardatz nagusi izango dituzte: gertakariak dokumentatzea, indarkeriaren sistematikotasuna aztertzea eta erreparazio nahiz prebentzio neurriak proposatzea. Lan horretan, biktimen testigantzak, erakundearen artxiboen azterketa eta komunitateko eragileen entzutea izango dira oinarri nagusiak.

Hiru biktima izendatu dira “erreferentziazko batzordekide” gisa: Alain Esquerre (Betharrameko biktimen kolektiboaren sortzailea), Olivier Bunel eta Alexandre Perez (ikastetxeko ikasle ohiak eta kolektiboko kideak). Batzordea osatzen dutenen artean daude, besteak beste, Dominique Attias abokatua, Jean-Pierre Rosenczveig epailea, Muriel Salmona psikiatra eta Pascal Plas historialaria.

Gainera, etikako batzorde batek lagunduko du ikerketa, eta bertan izango dira Jean-Marc Sauvé (Ciase-ko presidentea) eta Geneviève Garrigos (Amnesty International Frantziako presidente ohia), besteak beste.

Batzordeak bere txostena abenduan aurkezteko asmoa du. Gaur egun, 200 salaketa baino gehiago jaso dira Paueko auzitegian, eta ikerketa judiziala ireki da dagoeneko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu