148 alde eta 95 kontra onartu da atzo alokairuen mugatzeko legea luzatzea bi urtez. Tokiko erakunde eta elkarteek neurria txalotu dute. Aldak, berriz, legea behin betiko indartzea eskatu du ere.
Atzo bozkatu dute azken aldiz diputatuek, 148 alde eta 95 kontra, Iñaki Etxanizek eraman lege proposamena, urriak 21ean Senatuak bozkatu ondotik. Iñaki Echanizek neurria txalotu du, emaitza ez baitzen batere zihurtatua, eta tokiko elkarteen lana nabarmendu du: "Testuinguru politikoa eta indar orekak kontuan hartuta, bozketa hau ez zegoen ziurtatuta. Hainbat hilabetez etengabe mobilizatzearen eta hautetsien elkarteen babesarekin egindako lan kolektiboaren emaitza da, baita etxebizitza-eskubidearen aldeko elkarteen babesarekin egindakoarena ere."
Euskal Hirigune Elkargoak ere neurria txalotu du, zehaztuz “Tentsio eremuetan alokairuen prezioen igoera mugatu eta urte osoko alokairu eskaintza segurtatzeko sortu den tresna honek, bere eraginkortasuna eta zilegitasuna indarturik” ikusten dituela erabaki honi esker.
Zehaztekoa da Frantziako legebiltzarrak onartu duena dela esperimentazioa bi urtez luzatzea. Aldak, bere aldetik, mobilizazioaren garrantzia azpimarratu du, eta batez ere legea behin betiko indartzea eskatu du: Elkartearen ustez, "esperimentua ez da bi urtez luzatu egin behar bakarrik: behin betiko ezarri behar da, prezioen igoera geldiarazteko izan dituen ondorio onuragarriak frogatu baitira". Horretarako, "legea hobetu behar da tokian tokiko esperientziatik jasotako ekarpenak kontuan hartuta" elkartearen erranetan; bereziki, alokairu-osagarriak zorrotz arautuz eta isunak handituz.